Beraz, Itzubaltzeta / Erromora eta Negurira ezik udalerriko gune garrantzitsuetara eramango dira udal liburutegietako liburuak: Algortako Tangora, Kankamo eta Taberna Berri tabernetara eta Baires mintzalekura; Areetako Asdran mintzalekura eta Igeretxe-Agustin eta La Terraza tabernetara eta Getxoko Urrutietxe, Cubita-Aixerrota eta La Venta tabernetara. Horietan guztietan 20 bat liburu izango dira bertako bezeroen esku. Kanpainak irauten duen bitartean pertsona bat arduratuko da liburu horiek txukuntzeaz edota berri batzuk jartzeaz.
Bazkidetza ere egin daiteke
Esan bezala, liburutegitik kanpo, guztira, hamar lekutara eramango dira oso gai ezberdinetako liburuak eta horiekin batera liburutegi sareari buruzko edota bazkide egiteko informazioa. Nahi izanez gero, beraz, Getxoko udal liburutegietako bazkidea egiteko aukera izango du edonork. Gogoan izan behar da liburutegi publikoak erabiltzea erabat doan dela eta bazkide txartelak besteak beste liburuak maileguan etxera eramateko aukera ematen duela.
Getxoko udal liburutegiek liburuak tabernetara atereaz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak irakurketa eta udal liburutegiak erabiltzeko martxan jarritako Irakurri kanpainaren bigarren zatian parte hartzen dute. Kanpainaren bigarren zatia udako oporren hasierarekin batera egin nahi izan da uda partean liburuekin ere gozatzerik badela adierazteko.
Asko dira Getxoko udal liburutegiek irakurketa sustatzeko urtean zehar egiten dituzten ekintzak, eta horien artean urte sasoi honetan aipagarriena da "Letren terrazak" izeneko ekintza. "Letren terrazak" ekintza horri esker uztaila eta abuztuan udalerriko hainbat tokiko kaleetan izango dira liburuak, tailerrak eta jokoak, besteak beste. Pasa den urtean ekintza hauetan 29.000 lagunek parte hartu zuten.