Irantzu Gallastegi berangoztarrari 50 urteko espetxe zigorra ezarri diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 3a, 21:55

Espainiako Auzitegi Nazionalak 50 urteko espetxe zigorra jarri dio Irantzu Gallastegi Berangoko euskal preso politikoari, Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hiltzea leporatuta; baita berarekin batera epaitu duten Xabier Garcia Gaztelu "Txapote" bilbotarrari ere. Horretaz gain, espetxetik atera eta bost urtean Ermura joateko debekua jarri diete eta bien artean ordaintzeko 500.000 euroko kalte-ordaina. Biei jarritako zigorra dela eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak "bere zeregin zapaltzailearekin" jarraitzen duela salatu eta aipatu auzitegia "desmantelatzeko" eskaera egin du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Argazkian, Gallastegi eta Garcia Gaztelu epaiketan / Etengabe.

Errepresioaren aurkako erakundeak azaldutakoaren arabera, "juridikoki ez zuten kondenatzerik: froga bakarra beste atxilotu batek torturapean egindako deklarazioan oinarritzen da, epaiketan bertan deklarazio horiek torturapean sinarazi eta benetakoak ez zirela esan arren. Gainera, beste kasu batean absuelto deklaratu dituzte, froga nahikorik ez zegoelako, kasu bietan frogak berdinak izanik. Politikoki Irantzu eta Xabier libre izan beharko lirateke Euskal Herria libre batean. Zigorra Euskal Herriaren eta euskal herritarren aurkako zapalketaren jarraipena besterik ez da".

Bestalde, Gallastegi eta Garcia Gazteluri buruzko beste auto bat ere kaleratu zuen Auzitegi Nazionalak atzo. Jose Luis Caso Errenteriako PPko zinegotzia hiltzeagatik epaitu zituzten biak, eta kasu horretan errugabetu egin dituzte, froga nahiko ez zeudelako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun