Philip Catherine gitarrista izango da biharko protagonista nagusia Getxoko Jazzaldian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 3a, 22:23

Philip Catherine gitarristak joko du bihar, uztailak 4, Getxoko XXX. Europar Jazzaldian, Biotz Alai plazan, 22:30ean hasita. Aurretik, 21:30ean, leku berean, Martin Auer Quintet boskote alemaniarra arituko da eta, azkenik, Getxo Antzokiko plazan, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertua izango da, 19,30etatik aurrera. Bertan, De Diego Brothers euskal taldearen musikaz gozatu ahal izango du publikoak. Philip Catherine 1960ko hamarkadatik hona Europako jazzaren aitzindaria izan da. Chet Baker, Dexter Gordon, Charlie Mingus, Stephane Grappelli eta maila bera duten beste artista askorekin lan egitea funtsezkoa izan da bere karrerarako.

Bere jarduerak 70eko harmakadan gora jo zuen. Stephane Grappelli, Didier Lockwood eta Ponty bera bezalako biolin-joleen belaunaldi bikainaren estiloekin bat egin zuen. Bere bandarekin birak egiteaz gain, Catherine jazzeko pertsonaia handiekin egon da, esate baterako: Charlie Mingus, Benny Goodman, Toots Thielemans, Dexter Gordon eta Chet Baker. Halaber, sari garrantzitsuak irabazi ditu, besteak beste, Bird eta Django D'Or sariak.

Talde lehiaketa

Talde Lehiaketan, berriz, Martin Auer Quintet boskotea jardungo da. Martin Auer tronpeta-jole gazteak lau musikari batu ditu Berlinen jazz talde bat sortzeko asmoz. Taldearen ezaugarriak energia eta bizitasuna dira, baina baita bere konposizioek hartzen duten musika eremuaren zabaltasuna ere. Sortu zenetik, banda honek behin eta berriro Alemania osoko jazzaldietan, irratietan eta klubetan jo du, baita beste herri batzuetan ere. Gainera, Göethe Institutuak babestuta, taldea Siria, Jordania eta Libanon aritu da.

Azkenik, Hirugarren Milurtekoa atalean De Diego Brothers taldea arituko da. Boskote honen liderrak Juan eta Víctor de Diego anaiak dira. Taldea Bartzelonan 1993. urtean sortu zen. De Diego Brothersek eskaintzen duen errepertorioak jatorrizko konposizioak eta Lee Morgan, Wayne Shorter, Horace Silver edo Joe Henderson bezalako artisten piezak tartekatzen ditu. Musika estiloa 1960ko hamarkadan kokatuta dago (Blue Note), izan ere, garai hartan swing-a erritmo afrokubatarrekin, funkyarekin edo bogalooarekin nahasten zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun