Billy Cobham-Didier Lockwood String Quartet-ek aparteko birtuoso bi batzen ditu: batetik, Didier Lockwood biolin-jolea, Stephan Grappelliren oinordea Europako jazz-biolinaren tronuan eta munduko espezialista handienetariko bat dena, eta, bestetik, Billy Cobham bateria-jole ospetsua, jazz klasikoaren eta fusio-jazzaren maisu eztabaidaezina, eta egungo perkusio-historian bateria-jole askorentzat halabeharrezko erreferentzia dena.
Billy Cobhamek aita piano-jolea eta anaia tronpeta-jolea izan zituen, eta bateria-joleen artean munduko onenetakoa da. Haren ibilbide profesionala 1962. urtean hasi zen, 18 urte zituelarik. Hortik aurrera jazzeko eta beste musika mota batzuetako lehen mailako artisten parean ibili da. Bere jardueran, hainbat musikari ospetsuekin jardun da, esate baterako, Miles Davis, eta 25 disko baino gehiago kaleratu ditu. Cobham aitzindaria izan zen rock erritmoak eta jazzaren erritmo aniztasuna uztartzen eta, horri esker, jarraitzaile asko dituen bateria estilo berri bat sortu zuen, Tony Williams eta Jack DeJohnetterekin batera.
Didier Lockwoodi dagokionez, jazz modernoaren munduan biolin-jole garrantzitsuenetako bat da. Mundu osoan zehar jazza jotzen ibili da, eta beste musika estilo batzuek alde batera utzi barik, Lockwoodek inprobisaziorako eta konposiziorako talentu handia garatu du, eszenatokiaren gainean eskarmentu luzea izan baitu. Lockwood geldirik egon ezin duen interpretea da, beti soinu berrien etengabeko bilaketan sartuta, biolinari probetxu guztia atera nahian. Izan ere, bere eskuetan badirudi biolina aukera-iturria dela. Ikerketarako norbanako grina hau ez da oztoporik izango taldeko proiektu interesgarriei ekiteko, Jacques Higelin, Marc Ducret, eta bereziki, bere aita espiritualetako bat izan zen Stephane Grapelli bezalako musikariekin konpartitu zituenei, alegia.
Bestelako jarduerak
Biotz Alai plazako kontzertuak amaitu ondoren, publikoak azken aukera izango du bihar musikaz gozatzeko Algortako Piper's Irish Puben izango diren Jam Sessionsetan. B bi talde arituko dira bertan eta beste hainbat artistek ere joko dute, horietako batzuk jazzaldian parte hartzen dutenak. Era berean, Satistegi kafean ikusgai dagoen José Manuel Horna argazkilariaren "Round Jazz" erakusketa bihar amaituko da eta New Orleanseko New Birth Brass Band taldea Getxoko kaleak alaituko ditu azken aldiz.