Pinosoloko 94 etxebizitzen zozketan 831 leioztarrek hartuko dute parte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 5a, 16:45

Datorren irailean hasiko dira Pinosoloko Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) lanak, gaur goizean Karmelo Sainz de La Maza Leioako alkateak prentsaurrekoan adierazi duenez. Etxebizitzak bi eraikinetan eraikiko dira Nuestra Señora de las Mercedes ikastetxearen ondoan, azken urteotan Leioako San Juan jaietako txosna gunea hartu duen orubean. Bertan, 104 BOE egingo dira, garajedunak eta 1, 2 edo 3 logelakoak. Haietatik 10 gordeko ditu Leioako Udalak, udalerrian egin diren desjabetzen ondorioz kaltetutako auzokideei etxebizitza emateko eta eguneko zentro bat sortzeko. Hortaz, 94 BOE zozketatuko dira datorren urriaren 2an Sakoneta polikiroldegian, Etxebiden eskaera egin duten 831 leioztarren artean. Sainz de la Mazaren aburuz, Viviendas de Vizcaya SA enpresak 2008ko irailerako izango ditu prest etxebizitzak.

Karmelo Sainz de La Mazak nabarmendu du aurreko zozketan 450 pertsonek eman zutela izena, izan ere “gero eta etxebizitza gehiago zozketatu hainbat eta jende gehiago parte hartzen du”. Era berean, gogoratu du dagoeneko 630 BOE egin direla Leioan, bi fase ezberdinetan. Alkatearen hitzetan, “Leioako udalerria aitzindaria izan zen EAEn BOEen aldeko apustua eginez” eta 1992an egin zuen lehenengo promozioa. 2001era arte 228 etxebizitza babestuak eraiki ziren Luis Bilbao Libano, Estartetxe eta Aldekoane kaleetan. Horrezkero, “asmo handiko” plangintza ezarri zion bere buruari Leioako Udalak: 2001 eta 2007 bitartean 700 BOE berri egitea. 2006an, horietatik 402 eginda daude Txorierri, Udondo, Mendibile, Lamiako eta Txopoetan, eta horiekin batera Pinosoloko 104ak eta Lamiako eta Txopoetako 170 bat hasiko dira aurten eraikitzen. Azken hauek kaltetutako auzokideei etxebizitza emateko erabiliko dira. Bestalde, Udalak datorren urterako 106 BOE gehiago kudeatu nahi ditu Artatzan eta Ondizen.

Itxarote zerrenda izango da

Aipatutako lanak goraipatu ditu Karmelo Sainz de La Mazak eta helburua bete eta %10 gehiago egingo dela azpimarratu du. Gainera, bere ustez, Leioa BOEren promotore lanetan udal liderra izaten mantentzen da, hiri lurrean egindako etxebizitzen %35a BOE dela.

Urriko zozketan, 94 BOE banatuko dira. Estimatzen da irabazleen %30 batek uko egingo dio etxebizitzari edo ez dituela une horretan beteko Etxebidek eta Leioako Udalak jarritako baldintzak. Kasu horietan, itxarote zerrendan dauden hurrengoei emango zaie etxebizitza. Honako hauek dira etxebizitza babestuen zehaztasunak:

- 59 BOE, 35 urte baino gutxiago duten kideek osatutako bizikidetza unitateentzat.
- 17 BOE, 4 urteko antzinatasuneko eskaera duten bizikidetza unitateentzat.
- 4 BOE, mugikortasuna behin betiko gutxituta duen pertsona minusbaliatuentzat egokituak.
- 2 BOE, adin gutxiko seme-alabak dituzten guraso bakarreko unitateentzat.
- BOE 1, familia ugari batentzako.
- 11 BOE, bestelako eskatzaileentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun