"Propaganda euskaraz" kanpaina abian jarri du Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 5a, 18:37

"Propaganda euskaraz" lelopean, euskara sustatzeko aurtengo norbanakoen bigarren konpromisoa aurkeztu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Urtero hiru konpromiso zabaltzen ditu: 2006ko lehenengoa, arrakasta handia lortu duen telefonoa euskaratzeko deia izan da. "Oraingoan telefonotik propagandara egin dugu salto, azken hau ere gure eguneroko bizitzaren parte delako", azaldu du Itxaso Ferreras Kontseiluko komunikazioburuak. Kanpaina honen bidez, euskararekiko konpromisoa har dezatela eskatu nahi die herritar guztiei talde euskaltzaleak batzen dituen eragileak, hau da, propaganda euskaraz jasotzeko eska dezatela. Horretarako, "Propaganda euskaraz, eskerrik asko!" mezudun 15.000 pegatina banatuko ditu Kontseiluak. Herritarrek egitasmoan parte hartu nahi badute, neurri txikiko pegatina hau euren postontzietan jarri besterik ez dute egin behar. Kontseiluko ordezkariak uda parteko jaialdiez baliatuko dira pegatinak banatzeko. Argazkian, kanpainaren aurkezpena.

Konpromisoa hedatu baino lehen, Kontseiluak Euskal Herrian banatzen den propaganda aztertu du. Ondorio gisa, "Euskal Herriko postontzi askok ez dute behin ere euskarazko propagandarik jaso", adierazi du Mikel Balentziaga Ekintza Planaren arduradunak, kanpainaren aurkezpenean.

Kontseiluko ordezkariek azaldu dutenaren arabera, inolako enpresak ez du euskara hutsez dagoen propaganda egiten, bai ordea, erdara hutsez dagoena. Guztira, hiru lurraldetako (Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa) nahiz sektore desberdinetako 155 propaganda liburuxka aztertu dituzte.

Eremuka, Gipuzkoan jaso dira euskararekiko emaitzarik onenak, Nafarroan aldiz, okerrenak. Nafarroan propagandaren %91a erdara hutsean banatzen da eta %3,5ak bakarrik erabiltzen du neurriren batean euskara. Gipuzkoan euskara erabiltzen dutenak %15a dira, erdara ordea, %62a eta Arabari dagokionean, %77ak erdara erabiltzen du, %6ak berriz, euskara. "Lurraldeka emaitza onenak Gipuzkoan jaso badira ere, ez dira euskararentzat batere onuragarriak", aitortu dute Kontseilukoek.

Datu kezkagarriak

Sektoreei dagokienean ere, datuak aurrekoak bezain kezkagarriak dira. Esate baterako, altzariak egiten dituzten 13 enpresa eta 15 propaganda liburuxka aztertu dituzte, eta horietatik guztietatik, batek berak ere ez darabil euskara. Hori ez da, hala ere, euskara ez darabilen sektore bakarra: aztertutako brikolaje, elektronika, jatetxe, kirol denda eta ibilgailu enpresen propagandan, adibidez, euskara ez da inon ageri. Izan ere, aztertutako propagandaren %95 erdara hutsean dago eta %8 inguruk bakarrik darabil euskara.

Dena dela, badaude euskara erabiltzen duten erakundeak ere. Horren froga da Eroski enpresa. Aztertutako Eroskiren 14 propaganda liburuxketatik, 7k orekaz erabiltzen dute euskara, 6tan erdara da nagusi eta azkena, erdara hutsean dago. Beraz, euskara erabili arren, Eroskik ez du euskararekiko irizpide finkorik. Kontseilutik, euskararekiko lanean jarraitzeko eskatu diote eta euskara, argitaratzen duen propaganda guztian erabiltzeko.

Hau guztiagatik, "Propaganda euskaraz" kanpaina ez dago norbanakoari soilik zuzendua, "enpresei dei egin nahi diegu euren propaganda euskaraz eskaintzen has daitezen" aipatu dute Kontseiluko ordezkariek. Ildo horretatik, Kontseilua harremanetan jarriko da Bai Euskarari Ziurtagiria duten 1.280 erakundeekin, euren propagandan euskara aintzat har dezatela eskatzeko.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun