Israelekiko harremanak mozteko eta Palestinaren autodeterminazioa aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 5a, 20:15

Askapena eta Komite Internazionalistek “Israelekin harremanak eten. Herrientzat autodeterminazioa” leloko manifestazioa deitu dute larunbat honetarako Bilboko Arriaga plazan, arratsaldeko 5:30ean. Gaur goizean hainbat erakundeko ordezkariekin batera egindako prentsaurrekoan, Walter Wendelin, Gabi Basañez eta Eneko Alvarezek Gazako lurraldeak jasaten duen eraso eta berrokupazio militarraren egoera “larritzat”, “ikaragarritzat” eta “sarraskitzat” jo dute: “eta hori apunte batzuk baino ez ditugula, ziur errealitatea ohiko hedabideek aipatzen dutena baino okerragoa izango dela”. Hizlariek gogoan izan dute “Euskal Herrian Palestinarekiko elkartasuna aspaldikoa dela” eta “egungo egoerarekin” jauzi handia egin behar izango dela. Horretan kokatu dute oraindik orain “sinoismo eta Israelgo gobernuarekin harreman zabalak daudela eta gauzak dauden moduan harreman horiek etetea eskatu behar” dela. Manifestazioak dagoeneko hainbat erakunderen eta pertsonen babesa eskuratu du, besteak beste: EHAK, Batasuna, ELA, LAB, ESK, EHK, EPK, Bilgune Feminista, IA, Lurra, MusikHerria, Mundurat eta Uribe Kostako Biladi palestinar kulturgunea, Itzubaltzeta eta Txorimalo gaztetxeak eta Xabi Paya bertsolaria. Argazkia: Askapena.

Askapena eta Komite Internazionalistako kideek atzo hedabideetan emandako berriak aipatu dituzte, Gazan gertatzen ari den zertzeladaren bat ematearren. Horrela, nabarmendu dute Gazako eskola bat, Palestinako Barne Ministerioa eta Gazako ura ponpatzen duen transformadorea bonbardatu zituztela, zuzenean 4 zauritu sortuz. Era berean, azpimarratu dute tankeen sarraldia Gazako iparraldean, Jericoko errefuxiatu gunean Israelgo soldaduek errefuxiatu bat hil izana eta Palestinako Batzar Legegilearen Aziz Dwick-en egoitza soldaduek inguratzea. “Hauxe bada komunikabide arruntek kontatzen digutena, noraino helduko den Palestinan gertatzen ari dena!”.

Horregatik, Askapena eta Komite Internazionalistek zuzenean jo dute Palestinako Estatistika Zentrora, Gazaren inguruko informazio fidagarriago eta zehatzagoaren bila. Lortu dituzten zenbakiak zur eta lur uzteko modukoak dira: 200.000 etxe daude argindarrik gabe, 112.000 biztanle gaixotasun kronikoak dituzte, 21.000 ume gelditu dira udalekurik gabe, 80.000 ume izango dituzte arazo psikologikoak eta amets gaiztoak bonbardaketen eta iluntasunaren ondorioz, eta Gazako 70.000 etxebizitza egoera larrian daude.

“Israelekin harremanak eten. Herrientzat autodeterminazioa” manifestaziorako manifestua:

Palestinar herria eta demokratikoki hautatutako bere instituzioen aurka Israelek, entitate sionistak, garatzen ari den sarraskien aurrean hitzak jada kasik soberan dira. Munduko II Gerra ostean garaile irten ziren nazioarteko gobernuek, bere lurra okupatua izateko, eta palestinarren giza eskubide guztiak bortxatuak izateko uztarria derrigorrez ezarri zioten Palestinari. Uztarpe berean dago oraintxe, dakusagunez.

Nazioarte berbera da, sionisten tankeen sua, hiritarren exekuzioak, bonbardaketa etengabeak, lotsaren murruz egindako lurraldearen zatiketa, milaka atxiloketa eta espetxeratzeak, biziraupenari eusteko baliabideen deuseztapena, Zisjordaniaren berrokupazio eta palestinarrek demokratikoki hautatutako instituzio eta hautetsien bahiketaren aurrean isil eta eskuak geldi ageri dena. Edo oraindik gaiztoagoa dena, palestinarrei bake bidetik ibiltzeko eskaera egitera ausartzen dena, lotsagarriro, berriki G8-ak egin bezala.

Hitzak kasik soberan dira. Palestina herriak, bere borroka eta gainerako herri borrokalarien elkartasuna baino ez du alde, nazioarteak ezarri dion uztarriak gainetik astintzeko.

Euskal Herrian, herriak hitza eta erabakia izan behar duela eragile gehienek zazpi haizetara dioten orduan, Israelekiko harreman ekonomiko eta politikoak indarrean daude. Bai politika aldetik, nola kultura, hezkuntza, ekonomia entitate askoren partetik ere.

ASKI DA ZURIKERIAZ! Unea da hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko. Ordu latz hauetan, Palestinarekiko elkartasuna eginez adierazten da. Behean sinatzen dugun eragileok, Euskal Herriko eragile/alderdi eta instituzioek sionistekin dituzten era guztietako harremanak eten ditzaten aldarria egiten dugu.

Hori gauzatzen has dadin, lehen pausu bezala, datorren Uztailak 8, Larunbatez, arratsaldeko 5,30etan Bilboko Arriagatik egingo den manifestazioan, parte hartzera dei egiten dizuegu, beheko sinatzaileek. Halaber, bide horretan ekiteko eta Palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea, soberania eta bakea benetan bermatu dadin bideratzen den gainerako ekimenetan ere parte hartzera dei egiten dizuegu.

Manifestuaren sinatzaileak:

Askapena, Komite Internazionalistak, ELA, LAB, ESK, EHAK, Batasuna, EPK (PCE), Euskal Herriko Komunistak (EHK), Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Lurra deialdia, MusikHerria herri disketxea, Harresiak Apurtuz, Biladi palestinar kulturgunea, Itzubaltzeta / Erromoko Itzubaltzeta gaztetxea, Getxoko Txorimalo gaztetxea, Bilboko Askatasuna, Bilboko Etxerat, GITE-IPES, Barakaldoko Dorretxea gaztetxea, Gasteizko gaztetxea, Gasteizko Errota Zaharra auzo elkartea, Mamarigako kultur etxea, Zaramazulo gune autogestionatua, Mundurat Sarea zerbitzari alternatiboa, Xabier Paya (bertsolaria), Oihane Perea (bertsolaria), Jon Etxeandia (preso ohia), Gontzal Mendibil (kantaria), Jon Urrujulegi (idazlea) eta Edorta Agirre (sukaldaria).

Gaiaren inguruko berriak:

Manifestaziorako prentsaurrekoaren argazkia handian

Manifestaziorako kartela handian

Ramallah, bizidunen hilobia (2006ko Palestinarako brigada)

Palestinatik, bihotz-biotzez: Ramallah (2006ko Palestinarako brigada, 2006 Uzt 03)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun