Emakumeen kontrako indarkeriaren urteko hirugarren erailketa salatuko dute arratsaldean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 6a, 17:06

Loredana Andriescuren erailketa salatzeko kontzentrazioa izango da arratsaldeko 7:30ean Algortako Telletxe plazan, Uribe Kostako Emakume Plataformak deituta. Pasa den astelehenean Ertzaintzak aurkitu zuen emakumearen gorpua Basauriko bere etxean aizto batez eraila. Ustezko hiltzailea P.C.N. gizonezko bikotekidea da. Andriescurena Euskal Herrian aurten eman den hirugarren emakumeen kontrako erailketa izan da, pasa den urtarrilaren 4an Begoña Bohoyo donostiarra eta maiatzaren 28an Barakaldoko andra bat hil ondoren. Arratsaldeko ekimenaren bidez, Basaurin gertatutakoa salatzeaz gain, maila guztietan emakumeen kontrako erasoak bukatu beharraz behingoz jendartea kontzientziatu nahi dute pasa den martxotik Uribe Kostako Emakume Plataforma osatzen duten Getxoko Bilgune Feminista, Uribe Kostako Segi, eta Eskumaldeko ELA eta LAB sindikatuek. Argazkian, plataforman pasa den ekainaren 1ean egindako elkarretaratzea.

Plataformak emakumeen nazioarteko egunean aldarrikatu zuenez "indarkeria sexista, tratu txarrak, bortxaketak, emakumeak erailtzea eta bestelako ekintza mesprezagarriak atzean uzteko, gizarte osoak egin behar du lan; izan ere, hemen ez da inor erantzule egiten. Gaur egunean, gizonek ez dute onartzen euren ardura eta 'ni ez naiz izan' esatera mugatzen dira, beste askorik gabe".

Era berean, Uribe Kostako Emakume Plataformak behin baino gehiagotan adierazi duenez, "erakundeek adierazpen asko egiten dituzte, eta hartu beharreko neurriez aritzen dira; baina gero, berdintasun politikak, ekintza positiborakoak, berdintasun planak, eta abar, eta abar, aurrekontuetan azkenak doaz ilaran. Badago diru publikoa zertan gastatu, eta ez emakumeon eskubideak defendatzen, hain zuzen ere. Ez dago borondaterik, ez dago benetako egitasmorik, aurrekontudunak, ez zaie jarraipenik eta ebaluaziorik egiten, eta, batez ere, ez dute emaitza positiborik emakumeontzat".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun