Lehenengo egunean, eskarmentu handiko bi musikari aritu ziren erritmo klasikoak eta konposizio estandarrak interpretatzeko: John Abercrombie eta Miroslav Vitous. Fabrizio Sferrak lagunduta, beren maisutasuna eta teknika aparta erakutsi zituzten.
Biharamunean, Eddie Palmieri eta Afro-Caribbean All Stars ikusteko sarrerak agortu ziren. Jazz latinoa protagonista nagusia bilakatu zen eta pianojole ospetsuak ez zuen kale egin, "saio paregabea" eskaini baitzuen.
Benavent-Di Geraldo-Pardo hirukotearen eskutik iritsi zen jaialdiaren erdia astelehenean. Jazz flamenkoa eta beste hainbat erritmo uztartu zituzten musikari hauek Biotz Alai plazan. Asteartean, berriz, doinu klasikoak nagusitu ziren Philip Catherine gitarristaren kontzertuan eta, azkenik, Billy Cobham eta Didier Lockwood buru dituen String Quartetek amaiera bikaina eman zion atzo Getxoko 30. Jazzaldiari.
Talde gazteak
Bestalde, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dute aurten ere Getxon. Talde Lehiaketa horren erakusle da. Aurtengo ekitaldian, Alemaniako, Danimarkako eta Errusiako taldeak iritsi dira finalera. Maila handia erakutsi ondoren, Magnus Mehl Quintet boskote alemaniarra nagusitu da lehiaketan, Danimarkako Jazz Kamikazeren aurretik. Azkenik, lehiaketa irabazi duen taldeko tronpeta-jole Brice Moscardinik lortu du bakarlaririk onenari ematen zaion saria.
Hirugarren Milurtekoa sailean ere eskaintza anitza izan da aurten. Bost egunetan zehar, Getxo Antzokiko plazak beste horrenbeste kontzertu hartu ditu. Bertan, jazza eta erritmo elektronikoak uztartzen dituen Tunyi hirukotea aritu zen lehenengo kontzertuan; Kataluniako Karion eta Albert Sanz & Organics jardun ziren igandean eta astelehenean, hurrenez hurren eta, asteartean, De Diego Brothers euskal boskoteak 1960ko hamarkadako erritmoak ekarri zituen jazzaldira. Azken saioan, Le Monde de Kota talde frantziarraren kultur anitzeko musika izan zen protagonista Getxon.
Ohi bezala, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, jam session saioak izan dira Algortako The Piper's Irish Puben. Bertan, bi talde jardun dira, jazzaldian parte hartu duten hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzeko asmoz.
Halaber, kaleetan ere egon da jazza New Birth Brass Band taldeari esker. New Orleanseko marchin' band honek hainbat desfile egin ditu bost egunetan zehar eta Getxoko eta Bilboko kaleak alaitu ditu dixie erritmoez. Azkenik, Satistegi kafean Jose Manuel Horna argazkilariaren erakusketa egon da.
Datorren urtean, Getxoko Jazzaldia uztailaren 4tik 8ra izango da baina, momentuz, Jazz Euskadi zikloa aurrera doa Gasteizen (uztailaren 8tik 15era) eta Donostian (uztailaren 21etik 26ra).