Azken urte hauetan nabarmen igo da Getxo udalerrian etxeetan gertatutako suteen kopurua. Sute horiek arrazoi desberdinek eraginak izan ohi dira, nahiz eta portzentaje nabarmen batean axolagabekeria eta etxeko tresna desberdinen erabilera desegokiagatik izan diren, udal agintariak aipatu duenez. 2004an gertatu zen suterik gehien, 45 guztira; 2005ean 35 eta aurten 16, orain artean. Algorta izan da sute gehien izan dituen auzoa. “Gehienbat giza axolagabekeriak eragin ditu suteak: edozein tresna sutan uzteak eta etxetik irteteak, erretzen ari dela lo geratzeak, ke-erauzgailuak ez garbitzeak edo kandelak horretarako egokiak ez diren lekuetan biztuta uzteak, eragin dituzte”, gogoratu du Zarraoak. Sute gehienak eguerdian gertatu dira, eta ez hainbeste gauez. Bestalde, suteek eragin dituzten kalte materialak handiak izan dira, baita kalte pertsonalak ere; batez ere kea arnastearen eraginez. Horren ondorioz, 2004an 12 lagun artatu zituzten larrialdi zerbitzuek, iaz 27 eta 2006ko lehen bost hilabeteetan 16. Beste 3, 7 eta 2 lagun ebakuatu zituzten, hurrenez hurren.
Euskarri informatikoa
Kanpainak euskarri informatiko aktibo eta erraza dauka prebentzioarekin eta larrialdietarako oinarrizko portaerekin zerikusia duten edukiez osatua. Programa Getxoko Udalaren web orrian (www.getxo.net) eta, idatzizko euskarrian, kultur aretoetan eta ikastetxe publiko eta pribatuetan eskuratu ahal izango da. Etxe-eredu bat erakusten du, lau atal dituena: lehenengoan, “aztertu zure etxea” izenburukoan, etxean eta eraikinean oro har eragina izan dezaketen arrisku-iturburu guztiak deskribatzen dira. Galdetegi edo ikuskapen prebentiboa jasotzen du, etxean bizi den edonork betetzeko, arrisku-iturriren bat aurkituz gero etxejabeen hurrengo batzarrean aztertzeko. Bigarrenak –“larrialdiak”–, etxean sute bat sortzen denean edo istripuren bat denean jarraitu beharreko urratsak deskribatzen ditu; hirugarrena jolas bat da. Bertan, sukalde batean egon daitezkeen 7 arrisku-kausak aipatzen dira, konpondu ezean edozein istripu-mota eragin ditzaketenak; eta laugarrena, etxearen erdigunean egonik edozein gelatan eta/edo garajean kokatuz gero, leihoa irekitzen da eta norbere buruaren babeserako zenbait aholku ematen dira.