Ganebarri Sopelako gaztetxea hilaren 19a baino lehen desalojatzeko asmoa daukate Ertzaintzak eta Udalak, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako (SUGA) kideek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenaren arabera. Gainera, litekeena da operatiboa uztailaren 13an izatea, Larrabasterrako jaien hasierarekin batera. Ganebarri gaztetxea hartzen duen Elorriagane etxearen jabeak leihoen neurriak hartu zituen pasa den asteartean, balizko desalojoaren osteko adreilu hormak egiteari begira. Izan ere, Ertzaintzak, EAEko Herrizaingo Sailak eta Sopelako Udalak ez dituzte bere gain hartu lan horiek. Informazio hori jabearen senideen gertu dauden informazio iturrietatik eskuratu du SUGAk. Bestalde, Imanol Garai Sopelako alkatearen ingurukoek adierazi diete EAJko burukideak udalerri berean ospatzen diren Larrabasterrako jaien lehenengo egunean egin nahi duela desalojoa. Tartean, SUGAk ekimenak antolatzen jarraituko du. Besteak beste, igande honetan Ikasle Abertzaleek Eskola Ibiltaria ekimena aurkeztuko dute 19:00etan eta asteartean Lur Zati Planari buruzko hitzaldia izango da ordu berean. Ganebarri gaztetxetik 72 ordutan irteteko agindua ekainaren 14 eta 20 bitartean jaso zuten abokatuak eta eraikinaren inguruan otsailean identifikatutako 3 gaztek.