Uribe Kosta eskualdean ere bustiko dira igandean esklerosi anizkoitzagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 7a, 20:55

“Busti zaitez esklerosi anizkoitzagatik” lelopeko kanpainaren bederatzigarren edizioa igande honetan (uztailak 9) izango da aurten EAEko 80 tokitan, horien artean, Uribe Kosta eskualdeko Ereaga (Algorta), Arrigunaga (Getxo), Gorliz, Plentzia eta Arrietara-Atxabiribil (Sopela) hondartzetan eta Fadura (Algorta), Astrabudua, Erandio eta Sakonetako (Leioa) igerilekuetan. Eugenia Epalza Fundazioak antolatuta, aurreko edizioetan bezala, sendaezinezko gaixotasun neurologiko horrek eragiten dituen arazoak ezagutzera ematea eta errehabilitazio zerbitzuetarako dirua lortzea dira kanpainaren helburuak. Argazkian, hainbat ezagun iazko kanpainan.

Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoetatik sarriena da gazte/helduen artean, Eugenia Epalza Fundazioko kideek azaldu dutenez. Gaur egun, EAEn 2.000 bat dira gaixoak eta sintoma sarrienen artean daude arazo sentsitiboak, orekarenak eta mintzairarenak, ikusmenaren eta urologia sistemaren alterazioak eta gorputzaren ahulezia eta kasu larrienetan paralisia.

Laguntzeko hainbat aukera

Busti zaitez kanpainan parte hartzen dutenek metro batzuk igeri egin beharko dute eta, egunaren amaieran, toki guztietan egindakoak batu egingo dira. Oraingoan, antolatzaileek iazko metroen kopurua gainditu ahal izatea espero dute, aurrekoan 35.000 lagunek baino gehiagok parte hartu baitzuten. Edizio honetan, era sinbolikoan, ezagunek ere parte hartuko dute, horien artean, Asier Hormaza aktore algortarra eta Joane Somarriba Sopelako txirrindulari ohia.

Kanpainan zenbait ikastetxek parte hartzeaz gain, berritasun bezala, aurten Movistar markako sakeleko telefonoetatik mezua ere bidal daiteke, MOJATE hitzarekin, 4004 telefono zenbakira, uztailaren 15a baino lehen. Mezu bakoitzeko 1,04 euro bideratuko da esklerosi anizkoitzaren alde. Horrekin batera Kukuxumusuk diseinatutako materiala ere erosi ahal izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun