Jende andana bildu zen ostiral arratsaldean, Algortako San Nikolas plazan, ekainaren 23an Galiziako Curtis espetxetik irten zen Galder Bilbao "Txapi" gazteari ongi etorria emateko. 30.000 euroko fidantza ordainduta eta, epaiketa burutu gabe, hiru urte eman ditu espetxean algortarrak. Opari, bertso eta abesti artean, oraindik ere espetxe barruan jarraitzen duten eta ihesean dauden algortarrak ere izan zituzten gogoan ekitaldian zehar. Baita kanpoan dauden senide eta lagunen egoera ere. Ekitaldia bukatuta, "Amnistia. Askatasuna" irakur zitekeen pankarta atzean abiatu ziren herriko kaleetan zehar bertan bildutakoak. Gaueko hamarretan, berriz, bertso-afaria egin zuten Gorrondatxe Herriko Tabernan. Argazkia: Ekitaldiaren irudi-sorta argitaratu dute Etengaben.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!