Getxo eta Sopela proposatu dituzte 2008ko Zeltar Itsas Jokoak egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 19a, 16:09

Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) Getxo eta Sopela udalerriak proposatuko ditu 2008ko Zeltar Itsas Jokoak egiteko. Bela, surf, arraunketa, piraguismoa, urpekaritza eta antzekoak batzen dituen nazioarteko kirol ikuskizun bakarra da. Joko hauek Bretainian sortu zituzten 1995ean. Ekainaren amaieran egiten dira urtero. Bertan Nazioarteko Batzordea osatzen duten herrialdeetako ordezkaritzek parte hartzen dute (9 eskualde eta Europako ardatz atlantikoko 5 herrialdeek) eta gonbidatutako ordezkaritzek. Sortzaileen artean Bretainia bera, Irlanda, Kornualles, Man uhartea, Gales, Asturias, Galizia eta Portugal daude. Euskal Herria Nazioarteko Batzordearen eskubide osoko kide bihurtu zen 2004an, eta horregatik, antolatzeko eta erabakitzeko ahalmena dauka. Argazkian, eiskal ordezkariak iazko jokoetan.

Horren harira, Euskal Kirol Federazioen Batasuna urtebete darama Joko hauek antolatu nahian eta horretarako leku bat bilatzen. EKFBk uste du joko hauen XIV ekitaldia 2008an egiteko lekurik aproposena Getxo-Sopela dela. “Getxo udalerriari dagokionez behintzat, honakoak hartu ditu kontuan erabakia hartzerakoan: geografia, azpiegiturak, garraiobideak, herritarren abegitasuna, herriaren irudia eta, batez ere, gure udalerriaren itsas kultura, bela, arraunketa eta surfean oinarritutakoa dela; baita goi mailako jardueren antolaketan daukagun eskarmentu handia ere”, adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa alkateak.

“Egitasmo interesgarria, itxaropentsua eta Getxo eta Sopela udalerrien itsas-senaren adierazgarri zela ikusi dugu. Horrez gainera, euskal kirolariei beraiei babes emateko da, baita gizartean hain gogoko dituen euskal selekzioen aldekoa ere. Itsas-kirolak sustatzeko tresna ere bada”, udal agintariak aipatu zuenez.

Kirola eta kultura

Itsas Joko Atlantikoek, urtero, udaldian, 600 eta 800 kirolari artean batzen dituzte, lehen aipaturiko eskualde eta herrialdetatik etorritakoak. Aurten, XII. ekitaldia Kornuallesen izango da uztailaren 24a eta 30a bitartean. Euskal Herriko ordezkaritza ere izango da bertan eta, oraingoan ere, ehun bat ordezkariz osatuta egongo da, kirolari, teknikari eta zuzendarien artean. Euskal taldeek iaz Xixonen 27 domina lortu zituzten guztira. Kirol astea, gainera, kultura egitarau garrantzitsu batekin osatzen da, kontzertu eta askotako ikuskizunez beterikoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun