Ganebarriren desalojoa salatzeko kanpaldia kentzera behartu du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 26a, 14:32

Ostiralean Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) udaletxe ondoko parkean jarritako kanpaldi mugagabea kentzera behartu du gaur goizean EAEko Poliziak. Goizeko 8:30ean heldu dira brigada higikorreko “beltzak”, kalez jantzitako poliziak eta uniformedun ertzainak, guztira 25 bat polizi, une horretan zeuden dozena bat gazte desalojatzera. Kalez jantzitako polizia batek, “polizia onaren planta eginez” gazte bat identifikatu du eta kanpaldia kentzeko agindu judiziala erakutsi arren ez die eman, SUGAko kideek jakinarazi dutenez. Identifikazioaz gain ez da bestelako gertakizunik egon. Gazteek kanpin dendak kendu dituzte baina bertan jarraitzen dute, “beltzen” furgoneta baten ondoan. Arratsaldeko 7etan batzarra egingo du SUGAk. Argazkian, SUGAko bi kide kanpaldiko materiala zaintzen, atzean "beltzak" dituztela.

Kanpaldia iragan den ostiral iluntzean jarri zuten SUGAkoek, 50 bat lagun bildu zituen elkarretaratze baten ostean. Kanpaldia mugagabea zen, Ganebarri gaztetxearen desalojoa salatzeko eta “konponbideren bat ikusi arte”. Hurrengo egunean, larunbatean, 150 pertsona atera ziren kalera SUGAk deitutako manifestazioarekin bat eginez. Manifestazioa bukatzear zegoela, Ertzaintzako furgoneta batek bidea moztu zien manifestariei eta disolbatzeko agindua eman zien Polizia-buruak. Deitzaileek azaldu zieten zentzurik ez zeukala hori, ibilbidea amaitzeko 50 bat metro baina ez zirela falta, baina ertzainak, tematuta, pilota jaurtigailuak kargatu zituzten. Inguruan, tabernetako terrazak beteta zeuden eta bertan zeuden guraso askok ikusi ahal izan zituzten umeak poliziei pilotak eskatzen. Azkenean, egoera kafkiarraren poderioz, ertzainek pertsona bat identifikatu ondoren alde egin zuten eta manifestazioa bukatu zen.

Kanpaldia hutsarazi eta argazkiak “desagertu”

Gaur, berriz, goizeko 8:30ean bueltatu da Ertzaintza, kalez jantzitako zein uniforme ezberdinetako 25 bat kide kontzentratu direla Sopelako Udaletxe plazaren ondoko parkean, SUGAko kideak esnatzeko: “Buenos dias, vengo a negociar” (“Egunon, negoziatzera nator”). Horrela, azaldu da kalez jantzitako “polizia onarena egin” duena, atzean beste 24 ertzain zituela. Sopelako Udalak parkea den berdegune publiko batean kanpaldia jartzeagatik salaketa jarri zuela azaldu die gazteei “negoziatzaileak”, ondoren justizia jauregitik ekarritako epaia erakutsi diela irakurtzeko, baina ez die kopiarik eman. Epailearen agindua, kanpaldia kentzea, alegia, “ahalik eta arinen” burutzea agindu dute ertzainek, behar izanez gero haiek “lagunduko” luketela. Uneoro erdaraz egin diete gazteei, eta SUGAkoek euskaraz saiatu arren, azkenean komunikazio guztiak erdara hutsean burutu dira, baita gazte baten identifikazioa ere.

Haiek ez bazituzten oihal-etxeak kentzen, orduan “beltzek” egingo zutela entzun ondoren, bertan zeuden dozena bat gaztek 45 bat minutu eman dituzte batzen. Tartean “polizia onarena egin” duena “jatorrarena egiten saiatu da” eta gazteei “nahiz eta agindua eduki” pankartak ez zituela kenduko esan die. SUGAko kideen arabera epaian ez zen pankartarik aipatzen. Bestalde, kanpaldiaren inguruan zeuden Igeltsera eta Ganebarri gaztetxeei buruzko argazkiak “desagertu” omen dira, SUGAko lagunen arabera. Goizeko 4etan hor zeuden, baina 8:30ean ertzainek esnatu dituztenean, jada ez. “Ez ditugu ertzainak horiek kentzen ikusi baina haiek izan direlakoan gaude”. Beraien aldetik, ertzainek ukatu dute argazkiak lapurtu izana.

Ez manifestaziorik, ezta ikusten diren kanpartarik ere

Epaileak erabakitakoa betetzeaz gain, gazteei gauzak agintzen eman dute astia. Horren arabera, manifestaziorik zein herrigunean eskegitzeko pankartarik ez egiteko agindu diete, bere funtzioetan neurria nabarmen gaindituz.

Gazteak parkean jarraitzen dira eta bertan mantenduko direla iragarri dute, arratsaldeko 7etan burutuko duten asanbladak zer erabakiko zain. Ondoan, Brigada Higikorreko furgoneta bat mantentzen da zain.

Gaiaren inguruko berriak:

Sopelako udaletxeko teilatura igo dira Ganebarriko gazteak (2006 Uzt 21)

Sopelako udaletxe aurrean jarri dute hitzordua arratsaldean (2006 Uzt 21)

Ganebarri hustu izana salatzeko Sopelako udaletxe aurrean kontzentratzera deitu dute (2006 Uzt 21)

Ganebarri gaztetxea desalojatzen ari da Ertzaintza (2006 Uzt 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun