Sopelako Udal Gobernuaren komunikatua
Sopelako Udalak udaletxea inbaditu izana gaitzesteko prentsa oharra (2006 Uzt 21)
Sopelako Udal Gobernuak sutsuki gaitzesten du goizean kontrola gabeko talde batek udaletxea inbaditu izana eta bere lana betetzen zuten Udaltzaingoko agente batzuek pairatutako erasoak. Guztiz erasotzaileak eta demokraziaren kontrakoak diren jarrera mota horiek udal bizikidetza zikindu baino ez dute egiten, Sopelako irudi iraingarria emanez. Sopeloztar guztion gune komuna urratu izanak herriaren borondateari zaion erabateko mespretxua adierazten du eta, era berean, edozein ideia deskalifikatzen du, nahiz eta bidezkoa izan, horrela aldarrikatzea nahi bada.
Sopelako Udal Gobernua
SUGAren komunikatua
Ganebarri gaztetxea desalojatu dute! (2006 Uzt 21)
Gaur goizean, Uztailaren 21a, 7:30ak aldera, indar polizialek Sopela eta Urdulizko Ganebarri gaztetxea desalojatu dute. Momentu horretan inor ez zegoela aprobetxatuz, langileak ekarri eta eraikina ixteari ekin diote. Gazteak berehala bertaratu gara eta erakustaldi handiarekin topatu gara (beltzen hiru bat furgoneta, zenbait patruila eta kalez jantzitakoak), berrehun metrora hurbiltzen utzi ez digutenak. Azkenean hiru pertsonak sartu eta baliozko gauzak ateratzea lortu dute. Bertan zereginik ez genuela ikusita herriruntz abiatu gara denak. Kontzentrazioa egin dugu Sopelako udaletxearen aurrean eta gazte asanbladako kide batzuk barrura sartzen ahalegindu direnean desalojoa salatzeko asmoz, txakur udaltzain batek gazte bat eraso du, biak lurrean jira-biraka ibili direlarik. Hala ere, udaletxeko teilatutik pankarta bat eskegi ahal izan da, eta udaletxearen aurrealdea ere ondo dekoratua gelditu da.
Gertatutakoa salatzeko gaur bertan kontzentrazio zaratatsua egingo dugu Sopelako udaletxearen aurrean iluntzeko 8etan. Ondoren plazan kanpatu eta bertan geratuko gara konponbideren bat ikusi arte. Bihar, ordu berean eta leku beretik manifestazio bat abiatuko da. Hurrengo ekimenen berri aurrerago emango dizuegu jakitera.
Bukatzeko, argi utzi nahi dugu, gaztetxearekin ala gaztetxe barik herrian lanean jarraituko dugula. Gure herria Marbella euskaldun bat bihurtu nahi dute baina espekulatzaileen kontrako epairik ez dago hemen. Borroka sozialak halabeharrez ezkutatu behar dituzte baina borroka sozialak ez du etenik izango herriak autogestionatutako bilgune askerik ez dugun artean, gazteok etxebizitza duinik lortzeko eskubiderik ez dugun artean, LZP moduko hirigintza-plan txikitzaileek gure herriaren nortasuna suntsitzen duten artean eta betiko diruzaleek honengatik guztiagatik probetxua ateratzen jarraitzen duten artean.
Pasibotasunaren aurka, autogestioa eta okupazioa!
SUGA
Gaiaren inguruko berriak:
Ganebarriren desalojoa salatzeko kanpaldia kentzera behartu du Ertzaintzak (2006 Uzt 26)
Sopelako udaletxeko teilatura igo dira Ganebarriko gazteak (2006 Uzt 21)
Sopelako udaletxe aurrean jarri dute hitzordua arratsaldean (2006 Uzt 21)
Ganebarri hustu izana salatzeko Sopelako udaletxe aurrean kontzentratzera deitu dute (2006 Uzt 21)
Ganebarri gaztetxea desalojatzen ari da Ertzaintza (2006 Uzt 21)