Jendea alai baino bero Algortako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko uzt. 30a, 02:02

Algortako Jai Batzordeak egindako lanak bere uzta eman du. Gaur bertan, adibidez, andana izan dira Atfal Saharar herriarekiko elkartasun elkarteak antolatutako jaiman hennazko tatuajeak egin dituzten umeak; Sustrai Colina, Jesus Mari Irazu eta enparauak entzuteko dozenaka eta dozenaka euskaltzale batu dira arratsaldean; milaka pertsonak jarraitu zituzten atzo koadrilen kalejiran erakutsitako mozorroak, koreografia eta, batez ere, umorea, baten bat aipatzearren Bost Axola!-ko pinguinoek erakutsitakoa. Baina, bestalde, giroa nahastuta dabil Algortako txoko askotan: urtero legez Getxoko PPk jai hauei terrorismoaren aldekoak izatea leporatu ostean, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate jelkideak Jai Batzordeak antolatuta zeukan presoen aldeko hainbat ekitaldi debekatu ditu eta lehenengoa, gutxienez, manifestazio batekin (argazkian) ordezkatu egin dute Amnistiaren Aldeko Mugimendukoek. Era berean, Udalak talde batzuei txosna jartzeko debekua ezarri duen bitartean, EAJk eta EGIk eremu pribatu batean, batzokiko patioa, jarritako txosnari inolako trabarik jarri ez izanak algortar asko haserretu du, batez ere, atzo gazte mugimenduak jarritako txosnaren jabea den enpresari gaur Udalak txosna hori kentzea behartu duenean. Dena dela, horren ostean gazteek beste txosna bat eraiki dute egurrez egina.

Arrue: “Getxoztar gehienak lotsarazten eta umiliatzen dituzte” Algortako jaiek

Jaietako txupinazoari aurre eginez, ostegunean Getxoko PPko presidentea, zinegotzia eta Espainiako Kongresuko diputatua den Marisa Arruek astebururako arauak finkatu zituen. “Algortako San Inazioetan burutzen diren jaietako politizazioa eta terrorismo goratzea” salatu ostean, kexu agertu zen jai programako hiru ekitaldirekin: gaurko amnistiaren kalejira eta biharko presoak Euskal Herriratzearen aldeko herri bazkaria (Arrueren aburuz, “preso terroristen aldeko herri bazkaria) zein iheslariak Euskal herrian libre izatearen aldeko herri txikiteoa (“Euskal Herria askearen aldeko herri txikiteoa”). Horiek guztiak debekatzea eskatu zion Arruek Iñaki Zarraoa alkateari. Era berean, nahiz eta aipatu ez, Getxoko PPk prentsaurrekoan kazetariei emandako dossierrean beste ekitaldi “terrorista” agertzen zen: atzoko “ikurrinari omenaldia”.

Ohiturari jarraituz, jai liburuxkan argitaratutako iragarki batzuk ere hizpide izan zituen arrue: Amnistia taberna, Gorrondatxe herriko taberna eta Eusko Abertzale Ekintzakoa. Jai Batzordea aipatu gabe, Zarraoaren kontra egin zuen esanez urtez urte utzi duela terroristazaleak handitzen eta (ETA aipatu gabe) “talde terroristaren ingurua diruz laguntzen du”. Arrueren arabera, aurtengo jaietan jauzi kualitatiboa egon da eta propagandan “ilegalizatutako tabernak edo herriko tabernak edo kartzeletan dauden preso terroristak iragartzetik inguru hau sustatzeko ekimenak egitera” pasatu da.

Gainera, “txupinazoaren egunetik, txosnagunean antolatzen denak getxoztar gehienak lotsarazten eta umiliatzen dituenez” Zarraoari jai egitaraua bertan behera uzteko eta “terroristei adorea emateko” balio duten ekimenak debekatzeko eskatu zion. Era berean, gogoratu zuen “PPtik beti defendatu dugu Getxoko jaiak desberdinak izan beharko liratekeela eta udalerri gehienetan egiten den bezala, udaletxetik antolatzearen aldekoak gara” eta egotzi zion Zarraoari beti horren kontran agertu izana: “eta horrela gertatzen da gertatzen dena”. Azkenik, Arruek Zarraoari leporatu zion umeentzako barrakarik ez egotea udalerriko jaietan eta laburtu zuen PPko Algortako jai idealak: “politika jaietatik uxatuta, jai partehartzaileagoak, askeak, terrorismorik eta mehatxurik gabekoak, baina barrakak eta musika talde onak izango dituztenak, beste udalerrientzako eredua bihurtuz”.

Zarraoa “Nik neuk ere jai programako iragarki batzuk kenduko nituzke”

Egun berean erantzun zion Zarraoak Arrueri, Getxoko Udalak egitarauan eta jai liburuxkan esku hartzerik ez duela esanez, eta “alkate naizen aldetik nik neuk ere jai programako iragarki batzuk kenduko nituzke, presoen eskubideak babesten ditudan arren, ETAren txantajea eta jazarpena jasan duten pertsonentzat mingarriak izan daitezkeelako” adieraziz. Dena den, “PPk uste baldin badu San Inazioetako jai programak terrorismoaren apologia egiten duela, epaitegietara jo dezala” esan zuen Zarraoak. Horri jarraikiz, atzo alkateak Arruek aipatutako ekitaldiak debekatu zituen “Jai Batzordeak onartutako egitarauan agertzen ez ziren ekitaldiak” zireneko aitzakiapean. Polemika honi buruz galdetuta, Jai Batzordeak adierazi du “momentuz, jaiak aurrera eramateko nahikoa lana daukagu eta gure indarrak jaiak ondo buka daitezen bideratuta dauzkagu”.

Kalejira beharrean, manifestazioa

Gaur, lehenengo ekitaldi debekatua egin behar zela ez da inolako kalejirarik egon 20:30ean. Berriz, 21:00ak pasatuta, txistulariek alaitutako manifestazio bat burutu da Sarrikobaso kaletik herri osoan zehar, “amnistia eta askatasuna” lelopean. 60 lagunekin hasi eta 150 kiderekin amaitu duen manifestazioan ez da egon Jai Batzordeko arduradunik, baina bai Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide franko. Txosna eta eszenatoki guztien aurrean iragan ostean, Sarrikobasora bueltatu da manifestazioa eta bertan Algortako presoei dantzatu diete eta txupin banaz beraien etxeratzea aldarrikatu dute. Azkenik, biharko herri bazkarian parte hartzeko deia luzatu dute manifestazioko arduradunek.

Txosnak ere, arazo

Bestalde, badira 4 urte Algortako San Inazio jaietan ez dutela bat egiten Udalak ematen duen txosna baimen kopuruak eta txosna jarri nahi duten taldeen kopuruak. Azken urteotan ekien ezberdin burutu direla, iaz txosna ilegal bat egon zen nahiz eta udalerriko 25 elkartek beste gauza batzuen artean San Inazio jaietan beste txosna bat gehiago jartzea eskatu. Guzman Aranagaren erantzuna dekretua aldatzeko beranduegi zela izan zen. Urte bat beranduago, aurten, egoera errepikatu da eta bi talde, Guk Geuk gazte elkartea eta Hockey taldea, txosna baimenik gabe gelditu dira jai hauetan, gainera, elkarteak ez diren beste kolektibo askok ez du aukerarik baimena eskatzeko.

Gauzak horrela, gazteontzako txosna bat aldarrikatzen duen txosna jarri zen atzo iluntzean Getxo Antzokiaren aurrean, dekorazioan Segiko anagrama ikus zitekeela. Gaua normaltasunez eman ostean, goizean Getxoko Udalak behartu du txosna horren jabea den enpresari txosna eramateko, baina ondoren gazteek beste txosna bat eraiki dute, egurrezkoa.

Bitartean, bolo-bolo dabil herrian EAJ eta EGI batzokiko patioan jarritako txosnaren legalitatearen inguruko eta Udalak erakutsitako ustezko arbitrariotasunaren inguruko eztabaida.

Gaiaren inguruko berriak:

Getxoko Udaleko Prentsa Zerbitzuak PPri erantzuteko bidalitako prentsa oharra (2006 Uzt 27)

Jai-egitaraua kentzeko PPk egindako eskariaren aurrean alkate getxotarrak dio Justizia dela eta ez Udala deliturik dagoen edo ez erabakitzen duena

Iñaki Zarraoa: “PPk uste baldin badu San Inazioetako jai programak terrorismoaren apologia egiten duela, epaitegietara jo dezala”

Getxoko alkateak, Iñaki Zarraoak, adierazi du San Inazioetako jai-programak terrorismoaren apologia egiten duela uste baldin badu PPk, alderdi honek epaitegietara jo eta salatu behar duela. Zarroak gogoratu du “Justizia dela ekintza bat delitua den edo ez erabakitzen duena, eta ez Udala; horretarako dago aginte banaketa”. Jai-egitaruaren gaineko eskuliburuaren ardura bakar bakarrik San Inazioko Jai Batzordearena da, Zarraoak uste. “Getxoko Udalak ez du diruz laguntzen liburuxka hori iragarkien diruarekin finantzatzen baita, eta horren ardura duena jai batzordea da”.

Halere, Iñaki Zarraoak aipatu duenez “alkate naizen aldetik nik neuk ere jai programako iragarki batzuk kenduko nituzke, presoen eskubideak babesten ditudan arren, ETAren txantajea eta jazarpena jasan duten pertsonentzat mingarriak izan daitezkeelako”. Dena den, Zarroak ez du uste terrorismoaren apologia denik “presoen argazkiak argitalpen askotan agertzen direlako eta inongo epailerik ez duelako horren aurka egin”.

Zarraoak, azkenik, gogora ekarri du “Getxoko jaien oinarrian herritarren parte hartzea dagoela, PPk hainbatetan eskatu duena, baina benetako ordua iritsitakoan gutxiesten duena. Herritarren parte hartzea aintzat hartzeak esan nahi du batzuetan gauzak ez direla ateratzen norberari gustatuko litzaiokeen moduan, baina erantzukizuna San Inazioko jai batzordearena da eta ez Udalarena. Horregatik ezin dugu zentsura onartu horretarako epaitegiak daudelako”.

Getxoko Udaleko prentsa Zerbitzua


Jai Batzordeak pregoia baino lehen irakurritako idazkia (2006 Uzt 28)

Prestatuta geneukan pregoia irakurri baino lehen, Algortako Iñaki Deuna jaietako Jai Batzordeari azken egunotan gertaturiko hainbat konturen eta gure iritziaren berri eman nahi dugu.

Alde batetik, Bizkerre futbol taldearen jarrera dugu. Txosna bidez jaietatik dirutxo bat aterako duen talde horrek ez du urtean zehar egin, eta berriki esan digu jaietan ez duela egingo, inolako lanik jaiak aurrera ateratzeko. Horrelako jarrera mantentzen duen talde txosnadun bakarra da. Dena den, ez dugu inolako boikotarik eskatzen, gainera zeharkako kalteak izango lirateke jai batzordean lan egiten duen eta Bizkerrerekin txosna partekatzen duen beste talde batentzat, baizik eta Bizkerreko zuzendaritzakoei taldeko kideei zein ingurukoei jarrera horrekiko desadostasuna helaraztea eskatzen dizuegu.

Beste aldetik, EAJ eta EGIk aho bete hortz utzi gaituzte batzokiko patioan jarriko dituzten txosna eta gaueko ekitaldiekin. Zer esanik ez, Jai Batzorde honek herriko talde guztiek txosna izateko eskubidea defendatzen du eta ez gara gu izango Getxoko Udalari beste taldeekin egiten duen bezala txosna hori kentzeko eskatuko dugunak. Edozein kasutan, kontrakoa. EAJ eta EGIrekin izandako malgutasuna talde ororekin izatea eskatzen dugu. Bestalde, bestelako balorazioa egiten dugu EAJ eta EGIk egindako egitarauaz. Ez dakigu norbait zoratu egin den, baina, zertara datozen jai pribatuak, paraleloak, sasi-alternatiboak ala dena-delakoak? Jai batzorde honek urte osoan zehar egiten du lan jai herrikoi, partehartzaile, parekide eta euskaldunak aurrera eramateko eta nahi duten koadrila, pertsona eta eragileek hartzen dute parte. EAJk eta EGIk aukera izan dute haien proposamenak bertan egiteko, jakinda gainera EAJ eta Jai Batzorde honen artean hainbat hartu-eman izan direla batzokiko patioan hainbat eguneko ekitaldi lotzeko jai egitarauaren barruan. EAJ eta EGIri eskatu behar diegu norabidea alda dezatela eta guztiona den markoa, jai batzordea, aintzat hartzea eta erabiltzea, aurtengo egoerak errepika ez daitezen.

Era berean, Getxoko Udal Kultur Arloaren jarrera gaitzetsi behar dugu. Jai Batzordeari urtero jartzen dizkion oztopoen gain, aurten txosnak iragarri eta emateko antolatutako zirkoa eta arbitrariotasuna, begi-bistakoa izan da. Getxoko Udaleko arduradunei Jai Batzordearen lana erraztera,herriko errealitatea kontuan hartzera eta nahi duten taldeei txosna jartzen uztera deitzen diegu. Bitartean, udal arauek kaltetutakoei gure elkartasuna eta babesa eskaini nahi diegu.

Azkenik, ezin genuke bukatu adierazpen hau Getxoko PPrekin gogoratu gabe. Urtero legez, udako kanta txarrak bezala, Arrueren irainak entzun behar izan ditugu. Jaiak apolitikoak izan behar izatearen aitzakiapean baina jaiak politikaz eta alderdikeriaz betez, jai herrikoiak akatu nahi duen talde horren mezuaz dagoeneko nazka-nazka eginda gaude eta horregatik bila dezakegun mezu positibo bakarrarekin geldituko gara: Marisa, guk ere nahi ditugu umeentzako barrakak jaietan, eta ziur gaude barrakeroei hemen lan egitea gustatuko litzaiekeela. Baina, Udalak jartzen dituen zergak ezin ditugu guk aldatu.

Eta besterik gabe, ondo pasa jaietan!

Algortako Iñaki Deunaren Jai Batzordea


Getxoko Udaleko Prentsa Zerbitzuak Debekuen berri emateko bidalitako prentsa oharra (2006 Uzt 28)

Udalak egitaraua kentzeko eskatu dio batzordeari, eta horrela ez eginez gero beharrezko neurriak hartuko dituela gehitu du

Algortako Jai Batzordeak onartutako egitarauan agertzen ez ziren ekitaldiak sartu ditu behin betiko programan eta, beraz, onartuak ez dauden ekitaldiak dira horiek

Algortako Jaietako Batzordeak hasiera batean onartutako egitarauan agertzen ez ziren hainbat ekitaldi sartu du Iñaki Deunaren behin betiko egitarauan, eskuko programan alegia, eta, horregatik, Udala engainatzen saiatu da. Getxoko Udalak ez ditu ekitaldi horiek onartu Kultur Arloak onartutako egitarauan agertzen ez direlako, eta horregatik egitaraua kendu dezan eskatu dio Jaietako Batzordeari; horrela ez eginez gero, “beharrezko neurriak hartuko dira jaietako antolatzailea den batzordearen kontra”, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak azpimarratu nahi izan duenez.

Zarraoak sinatutako dekretu baten bitartez, hain zuzen ere, ez onartuak bezala agertzen dira jaietako ekitaldien egitarauan eginiko aldaketa guztiak. Horrela, banatu den programan esaten da uztailaren 29an, 20:30ean, “Amnistiaren kalejira” egingo dutela, Udaletxean aurkeztu zen eta onartua izan zen egitarauan “umeentzako txokolatada” agertzen zen bitartean. Horrez gain, eskuko egitarauan esaten da hilaren 30ean, 14:30ean, “Herri Bazkaria” izango dela, “Presoak Euskal Herrira” lelopean, baina eginiko eskaeran aurkeztu zen programan, berriz, ez zen ekitaldi hori agertzen.

Getxoko Udalak, udal arautegiak esaten duenaren arabera, neurriak hartuko ditu batzordeari ematen zaion subentzioarekin lotuta, eta baita ekitaldi horiek egin ahal izateko gune publikoei dagokienean ere, jaietako batzordeak ez baitu baimenik kalean aipaturiko ekitaldi horiek egin ahal izateko. Azken honekin lotuta, gainera, Alkatetzaren dekretuaren berri eman diote dagoeneko Udaltzaingoari, bertan jasotzen dena bete dadin beharrezko neurriak har ditzan.

Getxoko Udaleko prentsa Zerbitzua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun