Emakumeen aurkako erasoak salatuko dituzte larunbatean Portu Zaharreko jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abu. 9a, 21:26

Igazko ekimenari helduz, Erasoen Kontrako Eguna deitu du abuztuaren 12rako, Algortako Portu Zaharreko jaien barruan, Getxoko Bilgune Feministak. Horrela, 11:15ean bideo emanaldia izango da txosna gunean. 14:30ean, berriz, bazkari herrikoia egingo dute toki berean. Eta azkenik, 23:00etan, erasoen kontrako kalejira deitu dute. Bide batez, Portu Zaharreko jaietako gune beltzen mapa (pdf) kaleratu dute jai liburuxkarekin batera. Antolatzaileen hitzetan, "gune beltzak eraso sexistak emateko arrisku handiagoko guneak dira. Askotan argi gutxiko edo baztertuta dauden tokiak dira, baina kontuz! Erasoak edozein lekutan eta momentutan gerta daitezke! Hauek ekiditzea denon ardura da, erasotzaileak kanpora! Jai parekideen alde, erasorik ez!". Argazkian, jai herrikoi eta parekideen aldeko aldarrikapena abuztuaren 1etik 6ra ospatu ziren Erromo eta Pinuetako jaietan.

Hona hemen, abuztuaren 2an Itzubaltzeta / Erromon egindako agerraldian irakurritako prentsa oharra:

Jai herrikoi eta parekideen alde, emakumeok jaietan!

Euskal Herriko jaiak ez ditugu guztiok berdin bizi. Ezin dira herrikoiak deitu emakumearen parte hartzea eragozten duten festak.

Jaiak antolatzerakoan emakumea kontutan hartzen ez duten jaiak, emakumearen parte hartzea eragotzi edo sustatzen ez duten jaiak, osagai sexistak dituzten jaiak (musika, hizkuntza, jai gune arriskutsua,...) edota eraso sexistak ekiditen eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera ez duten jaiak, jai sexistak dira.

Beraz, edozein kutsu sexista duten jaiak, ez dira jai parekideak, baizik eta emakumeak jaietan parte hartzeko eta jaiaz gozatzeko duen eskubidea urratzen duten jaiak dira.
Ezin da herriaren erdia albo batera utzi eta ez ikusiarena egin. Jaiak parekideak izan behar dira, eta behingoz, emakumeak baztertu edota kontutan hartzen ez dituztenak desagertzeko bidea egin behar dugu.

Getxoko Bilgune Feministako kideok Portu Zaharreko jai batzordearekin eta Itzubaltzeta / Erromoko Txosna eta Jai Batzordeekin elkarlanean ari gara, benetan, jaiak parekideak bihur daitezen.

Jai hauetan neurriak hartzen hasi gara:

- Kutsu sexista desagerrarazteko, emakumeon partehartzea bultzatuz eta eraso sexistak ekiditeko eta erantzuteko protokoloak martxan jarriz;

- Udalari gune beltzen argiztatzea eskatuz eta erasoak ekiditeko eta hauen aurrean neurri eskuragarriak jartzea exigituz.

Dena den, beste jai batzorde batzuekin ere kontaktuan ipini gara.

Baina hau ez da Udalari eraso sexistak ekiditeko, neurriak jartzea eskatu zaion lehenengo aldia. Jai Batzordeek eginiko eskakizunei eta baita Bilgune Feministak eginiko eskakizunei muzin egin die beti.

Hori bai, Udalak gero aurpegia garbitzeko, berdintasun plan bat osatu zuela argi utzi nahi izan zuen.

Baina planek ez dute ezertarako balio benetan borondaterik ez badago; beraz, gure eskubidea da Udalak parekidetasunaren bidean urrats trinkoak ematea.

Dena den, ezin gara instituzioen “borondate onaren” zain geratu.

Emakumeon eskubideen alde borrokatuz, Jai herrikoi eta parekideen aldeko apustuan tinko jarraituko dugu. Orain arte emandako pausuak emakumeen borrokari eta hainbat Txosna eta Jai batzorderen konpromezuei esker, urratsak ematen ari garela gogoan hartuz. Oinarritik arazoari heldu eta herritik bertatik abiatutako ebazpenetik eraldaketa lortuz.

Beraz, neskak! Anima zaitezte jaietan parte hartzera!

Erasotzaileak baztertu!

Danon ardura da!

Getxoko Bilgune Feminista
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun