Gaur goizean, Maria San Gilek errepikatu du iaz Algortako San Lorentzo azokara egindako bisita eta aprobetxatu du Donostian iganderako deituta dagoen manifestazioaren kontra hitz egiteko. Komunikabideekin saio ofiziala eduki ostean, buruzagi popularra alderdikideekin batu da Juan Bautista Zabala kaleko taberna batean. Handik, Barreda, Barrio, Arrue eta San Gil San Nikolas plazara abiatu dira, 20 bizkartzain eta 8 PPzalez zein 6 telebista kameraz eta 8 argazkilariz lagunduta.
San Gil: “datorren urtean bueltatuko gara”
Goizeko 12ak jota, lehenengo baserriko produktuak erosi dituzte San Gilek eta Arruek. Minutu pare bat igaro baino lehen hasi dira entzuten popularren aurkako leloak: “naziak kanpora!”, eta segidan trikitixak bete du plazako giroa, erdarazko “que se vayan...” kanta herritarra dela medio. Handik aurrera “faxisten” aurkako oihuak izan dira nagusi. San Gilen segiziokoek, tartean, erantzuten ibili dira: “zu bai zarela faxista!”, “horiek Martekoak dira”, eta abar. Bitartean, txistuen artean, “Negurira joan zaitezte” edo “hau probokazio hutsa da” erantzun dute bizkartzainen aurrean bat-batean batutako 25 bat pertsonek. Halere, Maria San Gilek ez du erakutsi ezinegonik edo urduritasunik: “datorren urtean bueltatuko gara” esan dio irribarretsu gazta saldu dion Getxo Antzokiko plazako baserritarrari.
Handik, Biotz Alai plazara zuzendu da jarraigo politiko-mediatikoa, bidetik “txakurrak kanpora”, “proceso de paz, dejanos en paz” edo “Asi, asi, asi hasta Madrid” bezalako leloak entzungai zituela. Une horietan izan dira hiritarren eta Leopoldo Barredaren arteko lehenengo enfrentamenduak. Alde egiteko esan dion agureari Barredak Bilboko Aste Nagusian elkar ikusiko dutela esan dio, eta ingurukoek botatako irainei hatz luzea altxatuz erantzun die. Une horretan ere, hainbat bizkartzainek ilegalak diren borra luzakorrak atera dituzte. Biotz Alai plazan giroa guztiz nahasia egon da popularren segizioa eta triki-kalejira batera heldu direnetik. Bigarrenek “Zai dago ama” abestu ostean, aurretik botatako “que se vayan...” kantarekin jarraitu dute eta ondoren San Gil kontrako oihuak izan dira, erantzun bakarra atso batek botatako “gora San Gil!” eduki dutela. Orduan, brindisa egin dute PPko buruzagi eta zaleek, eta hori ere kritikatu dute inguruan batutako 50 bat herritarrek: “gure zergen dirua erabiliz topa egiten duzu!”. Hori entzun ostean pertsona batek baso bat ur bota du popularren gainean eta bizkartzainek salto egin dute. Baina, bultzada batzuen ondoren giroa lasaitu da eta bakoitza bere lekura bueltatu da.
”Euskaldunak gara!"
Handik aurrera, eta “Algorta, antifaxista” oihukatu ostean, hainbat kanta bota dizkiote San Gil eta ingurukoei: Italiako “Bandiera Rossa”, Vomitoren “Las fuerzas de seguridad” eta “Bella ciao”. Tartean, hainbat atso eta agure zuzendu zaizkie PPkoei “hona amorratzera baino ez zatozte” esanez. Beranduago presoen aldeko oihuen txanda heltzen da eta ondoren, berriz, “que se vayan...”. PPko kide batzuek erneguz oihukatzen dute: “euskaldunak gara!”. Bitartean, bizkartzainek ekin diote dialektikari eta botila bat eskuan duen gazte bati “botila bat botatzen badidazu, tiro egingo dizut” mehatxatu diote. Azkenik, popularrak badoaz eta, lehen bezala, herritarrek botatako irainei Barredak baino ez die erantzuten. Plazatik kanpo, gizon bat zuzendu zaio Maria San Gili alde egiteko eskatuz eta inguruan autoak dituzten zortzi ertzain eraman dute. Horren ostean, oraindik beste gizon batek alde egiteko eskatuko die, “zuek bezalako faxistek fusilatutako askoren gorpua oraindik agertzeke daude” gogoratuz.
Telletxera helduta, berriz, bizkartzain batek besteei aitortu die: “hau da gerta zitekeen gutxiena”.