Ia 20.000 pertsona izan dira Algortako San Lorentzo azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abu. 11a, 00:03

Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, aurten ere, Algortako San Lorentzo azokak emaitza itzela lortu du: guztira, 19.000 bisitari izan dira goiz osoan zehar, abuztuaren 10eko jaia ospatzen duen merkatu ezagun honetan. Aurtengo ekitaldian Euskal Herri osoko 80 bat ekoizlek parte hartu dute eta 100 saltoki egon dira. Azoka honek duen salmenta kopuruak eta urtero jasotzen duen jendetzak argi erakusten dute ekitaldi hau derrigorrezko hitzordua dela baserriko produktuak erosi nahi dituen ororentzat. Ohikoa denez, San Lorentzo jaia Biotz Alai abesbatzak Biotz Alai plazan eskaintzen duen kontzertuaren bidez amaitzen ari da.

Ohi bezala, azoka 10:00etan hasi da baina, ordu hori baino lehenago, lehenengo bisitariek gain-begirada ematen hasi dira eguneko lehenengo erosketak egiteko asmoz. Handik ordubetera, jendeak azokaren hiru salmenta guneak bete egin ditu, San Nikolas, Getxo Antzokia eta Biotz Alai plazak, hain zuzen ere. 14:00etara arte, etengabe egin dira salmentak. Bestalde, bertoko trikitilari taldeei eta aurten jarri diren hiru txosnei esker, jai giroa nagusi izan da azokan. Hau guztia, eta goizean izan den eguraldi ona ezinbestekoak izan dira giro itzela lortzeko.

Produktuen aniztasuna eta kalitatea izan dira aurten ere San Lorentzo azokaren ezaugarri nagusiak. Barazkiak, txerrikiak eta ahatekiak, lekaleak, txakolina, euskal pastela, tradiziozko okintza, gozokiak, landareak eta loreak, gaztak, eztia eta beste hainbeste produktuak egon dira salgai merkatuan. Ohikoa denez, Euskal Herri osotik etorritako ekoizleek hurbildu dira Algortara bere ekoizkinekin.

Barazki, landare eta gazta lehiaketak

Eguerdian ekoizle askok espero zuen momentua ailegatu da, epaimahaiak barazki, landare eta gazta lehiaketen emaitzak jakinarazi baititu. Aurten, barazki lehiaketan sari guztiak eskualdean gelditu dira. Izan ere, Urdulizko Adela Andikoetxeak lortu du lehenengo saria, Maria Angeles Andikoetxea bere ahizparen eta Barrikako Jose Ramon Intxaurtietaren aurretik. Landare lehiaketari dagokionez, Urdulizko Maria Jesus Viteri izan da garaile eta Larrondoko Emilio Mateosek eta Barakaldoko Enedina Madariagak eskuratu dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren. Azkenik, gazta lehiaketan sari guztiek alde egin dute: Alicia Monedero (Abadiño) atera da garaile, Ricardo Muriasen (Muskiz) eta Javier Aranbururen (Idiazabal) aurretik. Gainera, aurten sari berezia eman zaio udalerriko ekoizlerik onenari, Jose Antonio Zabalari, hain zuzen ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun