Getxoko Udal Batzarrean hartutako erabakiari jarraiki, Udal Gobernuak 144.814 euro gehiago bideratuko ditu udal hilerria zabaltzeko lanetara. Lan horiek eginda, hilerriak 604 nitxo eta 1.620 hezurtoki berri izango ditu. Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak esan duenez, lanak guztira 919.000 euroko aurrekontua izango dute. “Udal hilerria barrutik handitzeko aukerak hasiera batean uste baino handiagoak dira, eta horregatik erabaki dugu lan hauek egitea. Lehiaketa bitartez emango ditugu”. Egitasmoa 2005eko amaieraz geroztik dago idatzita. Etorkizunean, hezurtoki berriei esker, “kuartelak”, gaur egun hezurrak lurperatuta dauden lur-zatiak, hilobi egingo dira. “Lur-zati horietan lurperatutako hezurrak aterako dira, hezurtoki berrietan ipiniko dira eta hortik aurrera hutsik geratzen diren “kuarteletan” hilobiak egingo dira”, gehitu du alkateak.