Boikot espainiarrari aurre eginez Emakumezkoentzako Nazioarteko Hondartza Bolei Txapelketa egingo da asteburuan Ereagan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abu. 11a, 15:55

Getxo Beach Volley Satellite, Emakumezkoentzako Nazioarteko Hondartza Bolei Txapelketa egingo da bihar eta etzi, abuztuaren 12 eta 13an, Ereagan. Lehiaketak Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nazioarteko Bolei Federazioaren babesa dauka, baina Espainiako Federazioak Satellite zirkuituaren kontra azaldu da behin eta berriro eta “As” egunkariaren arabera, hainbat jokalariri betoa ezarri die Ereagan parte hartzeko, Estatu mailako beste proba bat dela eta. Era berean, arbitroek presio handia jasan dute Ereagan lan ez egiteko eta horren ondorioz, Areetan arituko diren arbitroak frantsesak eta portugaldarrak izango dira. Dena den, 16 bikote bilduko ditu txapelketak, horien artean asko kirol modalitate honetako munduko onenak direla. Hain zuzen, irabazle izateko aukera handienak Kanadako bi bikotek dituzte, Moskowitz-Jomphe eta Boileau-Mondor bikoteek. Nabarmentzekoa da gainera Getxoko bi bikotek lehiaketan parte hartuko dutela: Marina Gonzalez-Maria Sacristan eta Yvonne Agirre-Beatriz Sanchez.

Txapelketa pista nagusi batean jokatuko da eta bertan 1.000 ikusleentzako lekua duen harmaila ipiniko dute, eta saritan 10.000 dolar banatuko dira dirutan jokalarien artean. Nazioarteko bi epaileek zuzenduko dituzte norgehiagokak.

Txapelketa hau dela eta, Ereagan bertan eta aldi batera, gaur, ostirala, eta igandean, Boleibol Txapelketa Amateurra egingo da gazteentzat –mutil zein neskentzat-, bertako Aixerrota Boleibol Taldeak antolatuta. Txapelketa irekia da eta ez da derrigorrez Federazioaren txartela eduki behar parte hartzeko. Izen-ematea dohainik da.

Gaiaren inguruko berriak:

La española boicotea el torneo de la FIVB en Getxo (As, 2006 Abu 10)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun