Gezurrezko pistolaz Getxoko botika batean ustez lapurtu zuten bi gazteak atxilotu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abu. 14a, 21:10

Abuztuaren 2an Getxo udalerriko farmazia batean izandako lapurretan ustez nahasitako Z.M. 20 urteko eta R.H. 22 urteko gazteak atxilotu zituzten iragan den ostiralean, abuztuak 11, Bilboko erdialdeko beste botika batean ere lapurreta gertatu ostean. Lapurreta biak antzera gertatu ziren, gezurrezko armak erabili zirela. Getxokoan, gizonezko bi arratsaldeko azken orduan sartu ziren botikan. Bata atean geratu zen, eta besteak langileak beldurtu zituen arma bat muntatzen zueneko keinua eginez, aurpegia zapi batez estalita zuela. Botikariak kutxa irekitzera behartu ondoren, lapurrak berak hartu zuen dirua. Bilbokoan, ostegunean izan zena, botikaria bezero batekin zegoela, gazte bat agertu zen aurpegia zapi batez estalita eta eskuan pistola bat zuela. Gizonak, langilea beldurtzeko, arma muntatu eta harengana zuzendu zen. Botikako kutxa erregistratzaile biak zabaltzera derrigortu zuen eta, horrela, mila eta berrehun euro ostu zituen. Bigarren lapurra, berriz, lokaleko atea irekita eduki zuen lagunak errazago ihes egin ahal izateko.

Bilboko lapurretaren ondoren, bi gizonezkoek Zabalburu plazarantz korrika ihes egin zuten eta botikariak Poliziara deitu zuen. Hurrengo eguneko goizaldean, Ertzaintzari deitu zioten Zabalburu plazatik gertuko hotel batean pistola bat zuen gizon bat zegoela jakinarazteko. Ertzainek gezurrezko arma bat atzeman zioten hotelean gizon bati. Bere esanetan zor bat zuen eta bere burua defendatzeko erosi zuen arma. Atzemandako pistola farmazian egindako lapurretan erabilitakoa izan zitekeela, susmagarriaren etxera joan ziren ertzainak eta, haren gauzen artean, lapurretan erabilitako zapiaren eta gerriko poltsaren antzekoak aurkitu zituzten. Horrez gain, Bilboko botikariak lapurraren gainean emandako ezaugarri fisikoekin bat egiten zuen susmagarriak, eta arma lapurretako batek zeramana zela baieztatu zuten. Horren aurrean, 22 urteko R.H. gaztea atxilotu zuten. Bestalde, Harrobi kalean izandako borroka batean identifikatutako 20 urteko Z.M. gaztea atxilotu zuten, lapurretan nahasitako bigarren pertsonaren deskripzioarekin bat egiten zuelakoan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun