Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearen eta Fernando Burzako Ingurumen Arloko zinegotziaren aburuz, irailaren 17an eta 22an hainbat kale ixteak “Autorik gabeko hiriaren” astearen harira antolatuko diren aisialdi ekitaldiez herritarrei gozatzeko aukera emango die. Zarraoarentzat “helburua da, apurka-apurka guk, ibilgailuen erabilera zentzuzkoagoa egiteko ardura hartzea hirietan kutsadurarik handiena ibilgailuek beraiek eragiten dutelako, hain zuzen ere”. Alkateak onartzen du herritarrek ibilgailua beti etxean utziko dutela pentsatzea gauza zaila dela, baina “ardura hartzen joan daitezen nahi dugu ahal den neurrian ibilgailurik ez erabiltzeko, bai udalerritik kanpo joaterakoan, garraio publikoa erabiliz, bai herri barrutik ibiltzerakoan, ahal den guztietan oinez joanda”, gaineratu du. Era berean, Burzakok getxoztarrak animatu nahi ditu autoa partekatzeko, C02 gasaren emisioak eta berotegi-efektua murriztu aldera. Horretarako, aurreko urteotan izan diren Greenpeaceko kolaboratzaileen mailako adituak ekartzen saiatuko direla aurreratu du Ingurumen zinegotziak.
Dena dela, udal agintariek barkamen eskatu nahi diete herritarrei badakite kaleak trafikorako ixteagatik, horrek sor ditzakeen arazoengatik, “baina Europan egiten diren kanpaina hauek behar beharrezkoak dira eta denborarekin gehiago egin beharko dira herrietan bizitza gero eta atseginagoa izateko eta kutsadura gutxiago edukitzeko”, argudiatzen du Zarraoak.
Auto-ilarak ekiditeko aholkuak
Mugikortasun bideragarriaren astean besteak beste urtero ospatzen den txirrindularitza martxa, haurrentzako jolasak, ping-pong lehiaketa eta patinatzeko aukera izango dela aurreratu zuen Fernando Burzako Ingurumen Arloko zinegotziak. Era berean, Udala saiatuko da globo aerostatikoak ekartzen, baina aurreko bi urteotan bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldia eguraldi kaskarra zela eta. Egitarau osoa finkatzen dutenean etxe guztietara igorriko dute eskuorri batean. Orri berean, auto-ilarak ekiditeko aholkuak eta planoak txertatuko dituzte. Ingurumen Arloaren arabera gidari gehienek leku beretik sartzen dira Algortara, bide alternatiboak kontuan hartu gabe eta “auto-ilarak sortuz”. Burzakoren arabera, Getxora eta Azkorrira doazen autoak herrigunetik sartu beharrean autobidetik sartu beharko lirateke, Berangoko errotondatik: “Algortako eta Euskal Herriko etorbideetatik sartzen den autoen %80k aurrera jarraitzen du Aingeruaren etorbideraino edo Sarrikobasoraino, beste bidea errazagoa denean eta, gainera, ia semafororik ez duenean”.