Hona hemen, hitzez hitz, Algortako Iñaki Deunaren Jai Batzordeak kaleratutako prentsa oharra:
Oztopo guztien gainetik…gora Iñaki Deunaren jaiak!
Dagoeneko hilabetea igaro da Algortako Iñaki Deunaren jaiak bukatu zirela. Baina, merezitako atsedena hartu ostean, aurten ere ez dugu aukerarik galdu nahi izan jai egunetako gora beherez berba egiteko. Beste behin ere, jai batzordea osatzen dugun talde zein norbanakoek lan handiz ereindako hasiak fruitua eman du, aurtengo ekitaldiak behar bezala eta normaltasunez garatu direlakoan baikaude. Hala ere, zapore gazi-gozoa dugunik ezin dugu ukatu. Aurreko urteetatik eratorritako trabak gutxi balira (komunikazio eza, udal beharrizan eta dirulaguntzak gaizki eta berandu heltzea, udal dekretuen berri beranduegi izatea, udaltzainen laguntzarik eza bereziki umeak dauden ekitaldietan…), askoz oztopo gehiagori aurre egin behar izan diegu aurten. Ospakizunak eurak baino, askoz oihartzun handiagoa izan omen dute komunikabideetan Algortako metro geltokian izandako istiluak (uztailak 29) edota Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak jai batzordearen kontra egindako salaketak.
Iturri ofizialek, komunikabideek zein hainbat norbanakoek esandakoak alderatuta ezinezkoa egin zaigu metro geltokiko istiluak zerk eragin zituen jakitea. Hala ere, argi utzi nahi dugu, erantzuleak batzuk edo besteak izan, Algortako jaien irudia eta garapena kaltetu baino ez dutela egiten horrelako gertaerek. Tamalgarria izango litzateke, gainera, ondorioak hurrengo urteetan sufritu behar izatea. Ertzaintzak izandako jokabideari, berriz, neurriz kanpokoa deritzogu, egoera larriagotu baino ez baitzuen egin. Metro Bilbaoko zein Getxoko Udaltzaingoko kideek pribatuan egindako aitorpenak ere ildo horretan doaz.
Bestalde, zer izango lirateke Algortako Iñaki Deunaren jaiak Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramailearen salaketarik gabe? Horren aurrean, jai batzordeko kideok gurera etorri nahi duten guztiak besoak zabal zabalik hartzen ditugula gogoratzea besterik. Askoz larriagoa da salaketa horien ondorioz, Getxoko Udalak hiru ekitaldi debekatu izana, txupina bota baino ordu gutxi lehenago: amnistiaren aldeko kalejira (uztailak 29), presoen aldeko herri bazkaria eta iheslarien aldeko herri poteoa (uztailak 30), hurrenez hurren. Diru-laguntza eskatzeko orduan aurkeztutako egitarauan horrelakorik ez zetorrela jarri zuen aitzakiatzat udal gobernuak, ekitaldiok bertan behera uzteko. Kontua da, dirua eskatzerakoan behin behineko egitarau bat aurkeztea dela ohikoena, epeak gora behera, oraindik ere ekitaldi guztiak zehazturik ez baitaude. Aipatu ekitaldiok beranduago proposatu ziren eta, batzuek kontrakoa ulertzera eman nahi izan arren, gure asmoa ez zen inondik inora horiek mozorrotzea.
La Cadenako tabernek proposatuta, Bikain jatetxearen terrazaren atzealdean egin behar zen hip-hop eta ragga kontzertua (uztailak 30) ere debekatu zuen, jaiak hasi baino ordu batzuk lehenago, Getxoko Udalak; jai batzordeak horretarako espresuki baimena hilabete batzuk lehenago eskatu eta, ekitaldian parte hartu behar zutenek arriskurik izan ez zezaten, errepidea moztea eskatu zuen arren. Iñaki Zarraoa alkateak sinatutako dekretuan balizko “segurtasun arrazoiak” argudiatzen ziren emanaldia bertan behera uzteko. Hala ere, ez dugu oraindik bestelako azalpenik jaso, ezta Babes Zibilaren eragozpenen berririk ere. Zalantzagarriagoak dira benetan udal gobernuaren buru den alderdiaren jabegoko hainbat esparruk betetzen dituzten segurtasun neurriak, zeinetan hainbat musika ekitaldi egin ziren Iñaki Deunaren jaietan, baina ez jai batzorde honek antolatuta.
Bide batez, jaien hasieran EAJ eta EGIri egindako deia berretsi nahi dugu, hau da, Iñaki Deunaren jaietan ekitaldirik antolatu nahi badute gurekin harremanetan jartzeko eta elkarlanean aritzeko, beste eragile sozial eta kultural ugarik egiten duten antzera; edo, zergatik ez, jai batzordeko partaide izateko. Izan ere, Algortako Iñaki Deunaren jaiak antolatzen jardun nahi duten talde zein norbanakoak batzen dituen esparrua da jai batzordea. Guzman Aranaga Kultura zinegotziak ere iritzi berberekoa da.
Amaitzeko, Getxoko Udalak aurten ere txosnen kopurua mugatu eta horiek nahierara banatu dituela salatu nahi dugu: jai batzordean lanean diharduen talde bat kanpoan utzi zuen, jaien antolaketan ahalegin ñimiñorik ere egiten ez duen beste bati tokia eman zion bitartean. Algortako batzokiko patioan txosna bat agertu zenean, berriz, erantzukizuna saihestu zuten udal arduradunek, berriro ere euren bidegabekeria agerian utziz. Euren hitzetan, esparrua “pribatua” izanik, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Legeak arautu behar ditu jarduerak; jakin badakigunean, aipatu legeak udalei ematen diela eskumena horiek baimendu edo debekatzeko.
Iñaki Deunaren Jai Batzordeak berriro ere adierazi nahi du txosnen kopurua mugatzearen aurka dagoela, behinik behin, beste esparru batzuk erabili edo orain baliatzen direnak egokiago aprobetxatu daitezkeela kontuan hartuta: metro geltoki alboko aparkalekuan txosnak jarri ziren lehendabiziko urtean bost egon ziren guztira. Getxoko Udalari txosna gehiago jartzen utz ditzala eskatzea alferrikakoa izan da orain arte eta dauden toki apur horiek jai batzordean lan egiten duten taldeei ematearena beste horrenbeste. Egoera ez da batere samurra eta urtetik urtera okertuz doa, jaiak aurrera ateratzeko, batzordeak egin behar izaten duen esfortzua areagotuz. Hori dela eta, txosnen auziari eta beste hainbat arazori (komunikazio eza, udal beharrizan eta dirulaguntzak gaizki eta berandu heltzea, udal dekretuen berri beranduegi izatea, udaltzainen laguntzarik eza bereziki umeak dauden ekitaldietan…) irtenbidea emateko dei egiten diogu Getxoko Udalari. Horrelako oztopoek jaien kalterako baino ez dira.
Hori guztiagatik, 2007ko Iñaki Deunaren jaiak antolatzen hasteko lehenengo batzarrera etorri eta euren proposamenak botatzeko deitu nahi ditugu koadrilak, kolektiboak eta interesa duten guztiak. Irailaren 13an, asteazkena, da hitzordua, Aldai Kulturgunean (Karitate kalea, 1), 19:30ean.
Gora Iñaki Deunaren jaiak!!!
“Aixerrota” Algortako Iñaki Deunaren Jai Batzordea