Afrikako doinuak ekarriko ditu gaur Getxo Folk jaialdiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 2a, 23:20
Areetan eta Itzubaltzeta / Erromon egunotan ospatzen den XXII. Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiak musika afrikarraz blai izango da gaurkoan. Horrela, gaueko 21:30ean, afropop erritmoak izango dira nagusi Areetako Geltoki plazako karpan. Bertan, Salif Keita (argazkian) Maliko musikariak jardungo du, Afrikako artista ospetsuenetariko bat folklore arloan. Izan ere, Salif Keitak, “Afrikako urrezko ahotsak”, nazioarteko ospea lortu du bai afropoparen bultzatzaile nabarmenena izateagatik bai eta ematen dituen zuzeneko ezin hobeengatik. Horrez gain, Keita talde afrikar bateko lehenengo liderra izan zen Grammy sarietarako izendatu zutena, eta bere musika-ibilbide luzean hainbat sari irabazi ditu. Eguneko eskaintza Extremadurako Los Niños de los Ojos Rojos (Santa Eugenia plaza, 23:15ean) taldeak osatuko du. Espainiarrek 23:15ean hasiko dira jotzen Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazan, Marokoko Basidou taldearen ostean.
Basidou taldea Magrebeko folklorearen sustrairik sakonenak erakusteko asmotan sortu zen. Beren kontzertuetan, arabiar kantu sakratuetan oinarritutako gnaoua musika jotzen dute. Erritmo horiek Senegaleko, Mali eta Gineako doinu afrikarrekin uztartzen dira, XIII. eta XIV. mendeetako Al Andaluseko arabiar musika eta doinu elektronikoak ahaztu gabe.

Azkenik, Los Niños de los Ojos Rojos (NOR) azken urteetako Espainiako musika talde berritzaileetakoak dira. Musika abangoardista egiten dute, Irlanda, Grezia eta Balkanetako folk europar tradizionalean oinarrituz, bai eta ska, hip hop edota funky bezalako erritmo modernoagoetan oinarrituz ere. Hori dela eta, 7 urteko ibilbidean 550 kontzertu baino gehiago eman dituzte.

Omenaldia Bizkaia Zubiari

Getxoko Folk Jaialdiak omenaldia egin dio gaur Bizkaiko Zubiari, pasa den uztailean Unescok gizon-emakume guztien monumentua izendatu zuela ospatzeko. Arratsaldeko 8etan, jaialdian parte hartzen duten Eskoziako Stow Pipe Band, Bretainiako Bagad Pouldergat eta Italiako Sbandieratori del Palio di Asti kale-bandek zubiko zabaldegian jardun dute, ostean Kale Nagusian zehar, Santa Eugenia plazaraino desfilatu dutela. Orritz Gazte Elkarteak, Albokalek, Perfusion-ek eta Itxartu Taldeak ere parte hartu dute martxan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun