Orain arteko grabaketetan bezala, Kepa Junkerak laguntzaile ugari izan ditu oraingoan ere; asko izan dira laguntzaileak, baina euren kalitatea eta inplikazioa ere handiak izan dira. Horietako batzuk Getxon ere izango dira bihar salmentarako kaleratuko den disko berri honen aurkezpenean.
Musikagile katalanek osatzen dute Tactequeté zazpikotea. Zortzi urte daramate taldean, eta denek eklektizismoa dute ezaugarri, nahiz eta perkusioa eta haizea diren euren ezaugarri nagusiak. Talde honen kontzertuek aukera ematen dute musika afrikarretatik hasi, funky esperimentaletik igaro eta erritmo latinoetara doazen musika motetan murgiltzeko.
Bestelako jarduerak
Kontzertuekin gertatuko den bezala, gaur azken aukera izango du publikoak Munduko Azoka eta Bidezko Azoka bisitatzeko. Bertan, eskulangintza eta Bidezko Merkataritzaren produktuak eros daitezke, hurrenez hurren. Kale banden desfileak ere amaituko dira, Eskoziako Stow Pipe Band, Bretainiako Bagad Pouldergat eta Italiako Sbandieratori del Palio di Asti taldeek azken kalejirak egingo baituzte. Azkenik, munduko hainbat herritako gastronomia eskaini eta hiru kontzertu hartu dituen Munduko Terraza ere itxiko da datorren urteko jaialadira arte.