Arratsaldeko kontzertuei dagokienez, Santa Eugenia plazako karpan eskainitako saioek aurreko urteetan ezarritako ildoari heldu diote. Kalitate handiko artistak pasatu dira Itzubaltzeta / Erromoko agertokitik aurten. Horrela, Dronadar euskal taldea, Jose Antonio Ramos tinple-jolea, Basidou talde marokoarra eta Tactequete zazpikote kataluniarra jardun dira bertan eta, guztira, 3.400 bat lagun bildu dira saio hauetan. Kontzerturik arrakastatsuena Basidou taldeak eskainitakoa izan da, jaialdiaren bigarren egunean 1.000 ikusle inguru ekarri zuena.
Ohikoa denez, Santa Eugenia plazan egindako Munduko Terrazako kontzertuetan ere hainbat talde jardun da. Aurten Extremadurako Los Niños de los Ojos Rojos eta Gaztelako Lolaimon talde gazteak eta eskarmentu handiko Mariachi Perla mexikarra aritu dira 4.000 ikusle baino gehiago bildu dituzten saio hauetan. Bestalde, txikienek Aragoiko Titiriteros de Binefar eskarmentu handiko taldearen azken ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten Areetako Xake plazan, "Aqui te espero" delakoaz, hain zuzen ere. Haurrentzako emanaldi honek 500 bat lagun bildu zituen. Azkenik, Eskoziako Stow Pipe Band, Italiako Sbandieratori del Palio di Asti eta Bretainiako Bagad Pouldergat taldeen kalejirek jaialdiaren musika eskaintza osatu dute.
Elkartasunerako gunea
Herrien eta kulturen arteko elkartasuna bultzatzeko ekitaldiek lortutako arrakasta aipatzekoa da. Ekimen hauek guztiak hainbat erakundek, elkartek eta taldek antolatuta daude. Horrela, hainbat gobernuz kanpoko eta etorkin-erakundeen laguntzaz antolatutako Bidezko Azokak, Munduko Azokak, tailerrek eta Munduko Terrazako gastronomiaren guneak milaka lagun bereganatu dituzte. Halaber, BBK Solidarioa Fundazioak bultzatutako ekimena eta Eusko Jaurlaritzaren Inmigrazio Zerbitzuak eta Getxoko Udaleko Inmigrazio Zerbitzuak antolatutako Kultur Arteko Gunea egon dira jaialdian.