Mila Etxebarria algaraka hartu dute Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 7a, 01:29

Bost urteko zigorra bete ostean, Mila Etxebarria Astrabuduako laguna etxera bueltatu da gaur arratsaldean eta bera itxaroten izan dira 100 bat lagun, Egoki herriko tabernaren inguruetan. Izan ere, goizeko 11etan askatu dute Etxebarria Valentziako espetxean, bertan bi alabak bere zain egon direla. Funtzionarioekin poltsak hartzeko tira-bira batzuk izan ostean lasai asko bidaiatu dute kotxez iparrorratza Astrabuduan jarrita. Arratsaldean baina, zoramena izan da Mila Etxebarriarentzat. 8ak baino lehen, herrira heldu denetik dena izan da besarkada, muxu, eta goraintzi etengabekoa, une zirraragarriak, alegia. Horrela, oso pozik baina aldi berean oso nekatuta, estu eta larri ibili da Etxebarria: “pasatu naiz lagun oso gutxirekin egotetik horrelako jendetza artean egotera”, aitortu du. Ohiturak jarraituz, preso ohiak bere argazkia bildu du Egoki herriko tabernan eta gu bezalako argazkilari txarroi mesedea eginez errepikapena eta guzti egin du. Alferrik baina,irudian ikus daiteke erretratu hartu ondoren. Ostean, euskal preso eta errefuxiatuen aldeko brindisa egin du, gertukoenekin. Igandean, berriz, ekitaldi politikoa, kalejira eta herri bazkaria izango dira.

Mila Etxebarriaren herriratzea ez dute galdu izan nahi bere senide eta lagunek, baina ezta Uribe Kostako hainbat erakundeetako kideek ere. Besteak beste, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Erandioztarrak, Batasuna, Leioa Abian, LAB, Udondo gaztetxea, Erandio Bizirik, Ikasle Abertzaleak, Koska irratia, Etxerat, Segi, Berbots, Berbalamiñe edota Euskal Herrian Euskaraz taldeen lagunak izan dira gaur Egoki herriko tabernan, kaleratzea ospatzen.

Lourdes, Gorka eta Jonen zain

Gaurko poztasuna, alabaina, ez da izan erabatekoa. “Erandiorantz” agerkarian Erandioko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak berriki idatzitakoak ondo baino hobeto laburtzen du Milaren kaleratzeak utzi duen gaurko atzeko giroa: “dena den, ezin gara guztiz zoriontsuak izan, ehunaka euskal preso politiko espainiar eta frantziar espetxeetan bahituta dauden bitartean. Noiz arte? Lourdes ere, laster aterako da (...), baina, eta Gorka? eta espetxean 25 urte betetzear dagoen Jon? Nola ahaztu?”.

Dena den, tartean igandeko hitzordua dago. 13:00etan, ongi etorri ekitaldia egingo diote Mila Etxebarriari, eta ondoren kalejira izango da. Hori bukatzean herri bazkari batekin ospatuko dute Milaren etxeratzea. Momentuz dozenaka lagun izena eman badute ere, lekua badago eta baita izena emateko hainbat bide ere. Astrabuduako Egoki herriko tabernan zein Erandio Beheko herriko tabernan eta La Plaza tabernan txartelak eros daitezke, baina bertatik igarotzerik ez duenak badauka SMS bidez izena ematea, 637 960 513 telefonora mezua bidaliz, alegia. Bazkariaren prezioa 15 eurokoa izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun