Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak, berriz, ekimena garapen iraunkorraren barruan kokatu du, kontsumitzean eta ekoiztean ingurugiroa errespetatzen duen kultura berri batean, hain zuzen ere: “asmoa da herritarrak mota honetako kontsumo ekologiko osasuntsuagora apurka-apurka hurbiltzen joatea eta, aldi berean, ekoizleak beraiek laguntzea beren lana zailagoa izaten baita”.
Talogintza tailerra izango da
Larunbatean San Nikolas plazara hurbilduko diren herritarrek zenbait tailerretan parte hartu ahal izango dute, esate baterako, ogi ekologikoa egurrezko labean egiteko, eta baita taloak, gazta ekologikoa, paper birziklatua edo larrua lantzeko. Pintxo batzuk ere dastatu ahal izango dituzte. Gainera, bisitariek produktu ekologikoen bermeen eta ezaugarrien berri izango dute eta baita beren izaera ekologikoa ziurtatzeko egiten diren kontrolen gainekoa ere
Era berean, energia berriztagarrien eta garapen jasangarriaren alorrean lan egiten duten EAEko enpresak ezagutzera emateko eta sustatzeko helburuarekin, azokan bioeraikuntzako egitasmoak aurrera eramateko dauden material desberdinak edo energia berriztagarriekin energia ekoizteko erakutsiko dituzten zenbait etxola ere izango dira.
Azokak Getxoko Udala eta BBKren laguntza eduki du, “nekazaritza munduan era jasangarrian lan egiteko egiten ari diren gero eta esfortzu handiagoei” zein “produktu osasuntsuagoen kontsumoa sustatzeari lagundu nahi” dietelako.
Biogetxo Nekazaritza Ekologikoaren eta Energia Berriztagarrien I. Erakusketa burutuko da etzi, larunbata, Algortako San Nikolas plazan. Bertan, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, 60 saltokik azoka berezia osatuko dute. Ekolur Bizkaiko nekazaritza ekologikoaren elkartearen eskutik, biojanariak salgai izango dira, adibidez, barazkiak, frutak, gaztak, ardoa edo hestebete ekologikoak. Era berean, bioeraikuntza eta energia berriztagarriekin lotutako egur ekologikoak edota eguzki-panelak bezalako produktuen erakusketa egingo da. Eider Odriozola Ekolurreko buruak adierazi duenez, “produktu ekologikoak zer diren ezagutzera eman nahi dugu. Hau da, inolako pestizidarik erabiltzen ez duena, ezta produktu kimikorik ere, eta lur zorua kutsatzen ez duenez ingurugiroa errespetatzen duena”. Argazkia: