Zarama tasen %86ko igoera osorik heldu egin da jada Getxo udalerriko etxeetara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 7a, 19:51

Egunotan etxeetara ailegatzen ari dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko maiatza eta abuztua bitarteko ur fakturak. Bizkaiko herri gehienetan kontagailuaren alokairuagatik Ur Partzuergoak igo dituen 4 zentimoetatik aparte ez da igoera handiegirik nabaritu. Alabaina, Getxoko Udal Gobernuaren ekimenez ez da hori Getxo udalerriko bizilagunek hartutako fakturetan gertatu dena. Aurreko hiruhilabetekoarekin alderatuz, %29,14 igo da zarama tasengatik etxe gehienek ordaindutakoa eta azken 12 hilabeteei erreparatuta hazkundea %114,05ekoa izan da. Hots, urte baten bueltan zaramagatik ordaintzen diren udal tasak bikoiztu egin dira. Estolderian, berriz, tasak kontsumoari lotu dira, baina Udalak kontuan hartzen den gutxieneko kontsumoaren indizea ere igo duenez, ordaindu beharreko gutxienezko kopurua ere igo da %17,59. Guztira, ur erreziboari atxikitako udal tasak 18,20 euro izatetik 36,16 izatera igaro dira urte eskas batean. Bitartean, Eustaten arabera, 2005ko uztailetik 2006ko uztailera kontsumoko prezioen indizea (KPI) %3,90 igo zen Euskal Autonomi Erkidegoan. Argazkian, Iñaki Zarraoa Getxoko alkatea.

Erabilitako datuak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jaulkitako 1. tarifako fakturak izan dira: 2005eko azaroaren 28koa (2004ko urtarrilaren 1eko udal tasak erabiltzen dituena), 2006ko otsailaren 28koa (2004koak zein 2006ko urtarrilaren 1eko udal tasak erabiltzen dituena), 2006ko maiatzaren 30ekoa (2006ko lehenengo eguneko zein apirilaren 1eko udal tasetan oinarritutakoa) eta 2006ko abuztuaren 31ko faktura (apirileko udal tasak baino ez dituena kontuan hartzen). Faktura guzti horietan zaborraren udal tasa joan da igotzen horrela: 15,30 euro, 16,23 euro, 25,36 euro eta, azkenik, 32,75 euro. Estolderia, berriz, gutxiengo metro kubikoetara heldu ez den etxebizitzetan horrela izan da igoera: 2,90 euro, 3,12 euro, 3,24 euro eta, azkenik, 3,41 euro.

Gaiaren inguruko berriak:

Zarama eta igeritokien tasen kontrako 9.000 sinadura baztertu ditu Zarraoak (2006 Ots 28)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun