CGTtik posta zerbitzuko erabiltzaileei eskatzen diegu seilu horri boikota egin dezaten, omenezko bildumako seilu bat ere ez erosiz eta beste seilu batzuk aukeratuz.
Israelgo aurrekariak hauek dira: milaka zibil bereizi gabe erailak, haien artean ehunaka ume; palestinarren zein libanoarren azpiegituraren txikizioa (zubiak, errepideak, eta abar); 5 milioi errefuxiatu zonaldean; pertsona behartsuei giza laguntza ailegatzen oztopatzea; giza eskubideen etengabeko urratzea; Zisjordaniako murrua botatzeko Hagako Nazioarteko Justizia Gortearen irizpena ez betetzea; Nazio Batuen ebazpenak ez betetzea...
Hortaz, Israelgo politika nolabait kalifikatu egin behar badugu, bere aldamenekoen giza eskubideak urratzen dituen estatu bezala egingo genuke, etengabeko bortxakeriaz ondokoak men egitean eta txirotasunean bizitzera eramaten dituen estatu bezala.
CGTren aburuz, argi gelditu behar da horrelako aurrekari kaltegarriak dituenarekin ezer ez dela ospatu behar. Ez dakigu Correosen zuzendaritzakoren batek Augusto Pinocheten omenezko seiluren bat kaleratzeko asmotan izango den, 1973ko irailaren 11ko Txilen izandako estatu kolpearen urteurrena gertu egonda.
Iruñeako CGT
Correosen azalpena:
Efemerideak sailaren bidez, zirkulazioan jarri da Espainia-Israel Harreman Diplomatikoen Ezarpenaren XX. urteurrena ospatzeari eskainitako Correos-en seilu bat.
1986ko urtarrilaren 17an, Hagan izenpetu zen Espainiaren eta Israelen arteko akordioa, eta haren bidez bi estatuen arteko harreman diplomatikoak ezarri ziren. Amaiera eman zitzaion, horrela, 1492an juduak Espainiatik kanporatzeak eragindako anakronismo historikoari, 1948an Israelgo Estatua sortu ondoren, artean elkarrengandik urrundurik baitzirauten.
Espainian demokrazia berrezarri zenetik, Estatuko politikak zehazturiko helburuen artean ageri zen nazioarteko erkidegoarekiko harremanak zabaltzea, eta herrialde horien artean zegoen Israel. Diplomaziako bi hamarkada horietan zehar, Espainiak askotan erakutsi du eremu horretako herrialdeei dagokien guztiarekiko interesa. Berriki, 2005eko azaroan, Bartzelonak Europako eta Mediterraneoko Gailurra hartu zuen, eta gailur horrek komunikazio handiagoa eragin zuen Europar Batasunaren eta Mediterraneoaren hegoaldeko herrialdeen artean.
Seiluan, modernotasuna eta historia uztartzen dituen irudi bat irudikatzen da. Modernotasuna Liburuaren Santutegiarekin erakusten da. Santutegi hori Israelgo Museoari dagokio, Jerusalemen. Museoa 1965ean inauguratu zen, eta arkitektura modernoaren adierazpena da. Museoaren egiturak Itsaso Hileko Eskuizkribu ospetsuak aurkitu ziren buztinezko pegarren estalkiak itxuratzen ditu, museoan gordetzen baitira, hain zuzen ere. Agiri horiek 1947tik 1956ra bitartean aurkitu ziren itsaso horren ertzetan kokatutako harpe batean, eta hainbat hizkuntzatan idatziriko (ehuneko 80 hebreeraz, % 19 arameeraz eta gainerakoa grekoz) 850 eskuizkribuk osaturiko bilduma bati dagozkio. Lehen juduei buruzko informazioa eskaintzen dute. Seiluaren alderdi historikoak, berriz, piramide-enbor itxurako kapitel irauli batek irudikatzen du. Kapitela, gurutzatzen diren kurba ildaskatu batzuez dekoratua, XIII. mendekoa da, Palmako Miserikordiako komentutik dator, eta Mallorkako Museoan gordetzen da. Museo horrek Mallorkaren historiako arte-bilduma handi bat biltzen du, non juduen erkidegoak aztarna ezabaezina utzi zuen.
Sociedad Estatal Correos y Telegrafos S.A.
Argibide gehiagorako:
cgtpamplona@inicia.es