Getxoko Udal Gobernua osatzen duten alderdiek gaitzetsi dute kale erasoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 13a, 21:26

Getxo udalerria gobernatzen duen hiruko koalizioko alderdiek gaitzetsi dute atzo autobus bati su ematen saiatu izana. EAJren ustez “onartezinak dira azken egunotan Euskadiko zenbait herritan eman izan diren kale-bortxakeria ekintzak”. Gainera, Iñigo Urkullu EBBko bozeramailearen iritziz “euskal gizartearentzat eta Euskadiko bake eta normalizazio politikorako une garrantzitsuak bizi ditugu”. Beraz, ez dira bat ere onargarriak emandako urratsen atzera bueltatzea suposatzen duten tentaldiak, keinuak zein adierazpenak. Gaitzesten ditugun ekintzekin jarraitzeak prozesua oztopatu eta ez datoz bat ‘gatazka kaleetatik ateratzeko’ duten konpromisoarekin”. Eusko Alkartasunak ildo beretik doan komunikatu bat kaleratu du, kale erasoa “Demokraziaren oinarrizko printzipioen kontra doala’’ esanez. Gainera, normalizazio politikorako prozesua “bide demokratikoetatik” egin behar dela erantsi du EAk: "elkarrizketaren bitartez eta euskal gizartearen berrespenaz osatu behar da".

Ezker Batua Berdeek ere "irmoki gaitzetsi" dute gertatutakoa eta ezker abertzaleari zuzendu zaie "bere militanteen artean lan pedagogikoa" egin dezan eskatzeko. Erakunde federalistak uste du ezker abertzaleak atzoko bezalako ekintzak arbuiagarriak direla azaldu” behar duela barne mailan, “giza eskubide oinarrizkoenak urratzen dituztelako eta sektorerik atzerakoienek erabiltzen dituztelako ETAren eta Estatuaren arteko elkarrizketaren eta alderdi guztien arteko elkarrizketaren aurkako jarrerak legitimatzeko".

Era berean, atzokoa bezalakoak “bakearekin, normalizazio politikoarekin eta sentsibilitate eta ideologia politiko guztiekiko errespetuarekin" bateraezinak direla uste dute. Horrez gain, babesa eta elkartasuna agertu diote Algortan zauritu duten 78 urteko gizonari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun