23 auziperatuetatik 4 uztailaren 30ean bertan atxilotu zituzten eta beste 19 dira berriki identifikatutakoak. Identifikazioak geltokian zein inguruetan zeuden bideokamerek grabatutako irudiak direla medio egin dituzte. Getxoko Udalaren arabera, grabaketek erakusten dute gatazkaren abiapuntua koadrilen arteko borroka bat izan zela, bi pertsona lintxatzen amaitzear egon zena. Iñaki Zarraoaren aburuz, “egindako grabaketari esker metroko segurtasun-langileen jokabidea zuzena izan zela aipatutako lintxamendua ekidin ahal izan zutelako”. Dena den, kontrako lekukotasunak egon badaude, eta A.U.M. 20 urteko gazte algortarrak epaitegietan salatu zuen Prosetecnisako agenteak txakur bat bere aurka bidaltzeagatik eta borra luzakorraz jipoitzeagatik. Era berean, sarean zein kalean hainbat dira kontrako adierazpenak egin dituztenak. Azkenik, Algortako Iñaki Deuna Jai Batzordeak geltoki barruan gertatutakoan sartu gabe, Ertzaintzaren “neurriz kanpo” aritu zela salatu zuen. Bere aldetik, Metro Bilbaoko ia langile guztiek ordu erdiko lanuztea egin zuten abuztuaren 16an, Algortako, Indautxuko eta San Mames geltokiko erasoak salatzeko. Langileek segurtasunera diru gehiago bideratzea eskatu zuten, baina "ez soilik guardia kopurua handituz, baizik eta horien hezkuntza hobetuz".
Auziperatu gehiago egon daiteke
23 gazteei, guztiak gizonezkoak, istiluetan parte hartu izana eta, beraz, desordena publikoaren, erasoen eta nahita egindako kalteen delituak egotzi dizkiete. Metroan eragindako kalteengatik epaileren batek ezarriko duen erantzukizun penalari egin beharko diote aurre. Metroak 100.000 eurotan baloratu ditu kalteak.
Alkate getxoztarrak adierazi duenez, 23 inputatuen familiak jakinaren gainean daude. Era berean, istiluetan jende gehiago inplikatuta dagoela eta ikerketak zabalik jarraitzen duela gaineratu du, atxiloketa gehiago ere izan daitezkeela azpimarratuz.
Gaiaren inguruko berriak:
"Neurriz kanpo" aritzea egotzi dio Ertzaintzari Algortako Iñaki Deunaren Jai Batzordeak (2006 Abu 31)
Críticas a la actuación de los vigilantes de seguridad del metro en Algorta (Gara, 2006 Abu 02)