III. Txalaparta Jaiaren egitaraua:
11:00etan, Txalaparta Jaiaren hasiera, gune anitzen irekiera eta txalaparta jotzeko aukera guztiontzat.
15:00etan, bertso bazkaria.
19:00etan, txalaparta ikuskizuna. Ondoren, kalejira herrian zehar, txalaparta saioez lagunduta.
UKTESTeko komunikatua:
Urte bat igaro ostean hemen gaituzue berriz txalapartaz elkarrekin gozatzeko asmoz. Jai xumea duzue hau, lagunok. Gure asmoa txalaparta zuengana hurbiltzea da, gure arbasoen instrumentuaz disfrutatu dezazuen eta aldi berean gure herriko kaleak girotu ttakunetan murgilduz, gurera hurbiltzen diren txalapartari eta lagunen arteko hartu-emana bultzatuz txalaparta hobeto ezagutu nahian.Hortaz, gaurko protagonista bakarrak zuek eta txalaparta zarete, hurbildu zaitezte beraz jai honetara eta aprobetxa ezazue beldur barik jotzeko aukera paregabea, lotsa alde batera baztertuz.
Aurten, Algortako San Nikolas enparantza izango du gunea gure festak. Bertan txalapartaren doinuak entzuteko aukera izango duzue aldi berean zuek ere parte hartuz, txalaparta jotzen eta jaiarekin gozatuz.
Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldea edo UKTEST elkartea orain dela hiru urte inguru sortu zen txalaparta Uribe Kostan zabaltzeko asmoz. Gure arbasoen instrumentuak kostalde honetan zuen arrakasta eta oihartzun txikia antzemanik, txalapartan hasi berriak ginen zazpi bat lagun elkartu eta honi konponbide bat ematea erabaki genuen.
Gure ametsa martxan jartzeko Algortan “Txalaparta jaia” antolatzea bururatu zitzaigun, honela txalapartari ohore postu bat eskainiz, soinuak,panderoak eta abarrek duten moduan; aldi berean euskal giroa zein euskal kultura bultzatuz. Lan neketsua burutu ostean 2004ko irailaren 25ean gure ametsaren lehen sustraia gauzatua ikusi genuen: lehenengo Txalaparta Jaia.Harrez geroztik lanean dihardugu ikastaroak eta tailerrak antolatuz, txalaparta kalera atereaz gure auzokideek instrumentu hau ezagutzeko eta jotzeko aukera izan dezaten; eta nola ez txalaparta jaiari bizitza emanez.
UKTEST (Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldea)