Urriaren 1etik aurrera ibilgailuen zaratak zigortuko ditu Getxoko Udaltzaingoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 21a, 20:00

Getxoko Udaltzaingoa ibilgailuek eragiten dituzten zaratak egunotan kontrolatzen hasi da, baina hilabetea bukatu arte ez du zigorrik jarriko eta isunen ordez informazioa eskainiko du kontroletan: “gidariei arautegia dagoela jakinaraztea baita helburua, kontzientzia hartzen joan daitezen eta ezarritako soinu mailak ez gainditzeko beharreko neurriak har ditzaten. Gure helburua ez da zigortzailea baizik eta Getxo isilagoa lortzera laguntzea” azpimarratu du goizean Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Alabaina, Zarraoak esandakoak 10 egunetarako baino ez du balio izango, urriaren 1etik aurrera kontua aldatuko baita eta udaltzainek isunak jarri egingo dituztelako. Isunak 90 euro artekoak izango dira arau urratze arinetan; 91 euro eta 300 euro artekoak larrienentzat eta 301 euro eta 600 euro artekoak oso arau hauste larrientzat, tartean gauez egindako zarata guztiak. Gainera, Udaltzaingoak ibilgailua bahitu ahal izango du.

Kontrolak, batez ere, zarata handiak izaten diren udalerriko guneetan egingo dituzte. Zarraoak espero du “gidariek eta bereziki motorren jabeek kontzientzia hartzea eta denbora laburrean arazoa desagertzea. Duela urte batzuetatik hona arlo honetan jokatzen saiatu gara baina duela gutxira arte udalek ibilgailuek eragindako zaratak Ertzaintzari salatzeko eskumena baino ez zuten. Ezin zuten zigortu ezta horretarako arautegia egin ere. Euskal Autonomi Erkidegoko Ingurumeneko Legeak eta Herri Administrazioak Eraberritzeko Estatuko Legeak bidea zabaldu diote arautegiak eduki ahal izateari, udalek eskumen gehiago eduki ahal izateko ekarri dutelako”.

Kontrolak

Neurketak egiteko ibilgailu bakoitzean zehazten den zarata maila hartuko dute kontuan. Neurketak agirian agertzen den maila 6 edo 9 dezibelio artean gainditzen badu, gidariaren kontrako salaketa jarriko dute baina ez diote zigorrik jarriko eta 15 eguneko epea izango du irregulartasuna konpontzeko. Konpondu duen tailerraren egiaztagiria eta ibilgailua bera aurkeztu beharko ditu Udaltzaingoaren egoitzan bertan egiaztatzeko. Baldintza horiek betetzen ez badira, zigorra martxan jarriko da eta beste 10 eguneko epea emango diote aipatutakoa egiteko. Baldintzak berriro betetzen ez badira, ibilgailua udal gordetegira eramango dute.

9 eta 12 dezibelio artean gainditzen badira, zigorra egongo da, eta aipatutako epeak emango dizkiete arazoa konpontzeko. Zaratak 12 dezibelio gainditzen baditu, zigorra handiagoa da; ibilgailua geldiaraziko dute eta udal gordetegira eramango dute. Kasu guztietan ibilgailua beharrezko konponketa egiteko baino ezin izango da atera.

Isilgailu barik ibiltzen den edozein ibilgailuk edo ihes hodirik gabe edo homologaturik gabekoa badauka, ibilgailua geldiarazi ahal izango dute eta 12 dezibeliotako egoera ezarriko diote.

Agiri teknikoan zarata maila zehazturik ez duten ibilgailuetarako (ziklomotorretarako eta motozikletetarako), gehienezko soinu mailak 87 dezibeliotakoa da, 80 zentimetro kubo baino zilindrada gutxiagorako; 98 dezibelio 80 eta 175 zentimetro kuboren artekoetarako eta 101 dezibelio 175 zentimetro kubo baino gehiagoko zilindradarako.

Ibilgailuen zaratari buruzko arautegia uztailaren amaieran onartu zuen Getxoko Udal Batzarrak eta dagoeneko indarrean sartu da. Era berean, Udaltzaingoak baliabide tekniko egokiak bereganatu ditu kontrolak egin ahal izateko: soinuak neurtzeko tresna berria, ordenagailu eramangarria eta inprimagailua tokiz toki jokatu ahal izateko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun