Gatazka Mesedetako Ama kalean sortu da, bertan uztailean egindako herrilanen harira. Getxoko Udalak baztertu zuen orduan PP keta dendarien elkarteak egindako kritikak, lanek merkealdietan eraginik ez zutelako izango adieraziz. Orain, “bi hilabete beranduago, kale horretako denden diru-sarrerak aurreikusitakoaren erdia” izan dira PPren arabera: “lanak zirela eta, kalea hankaz gora zegoen eta balizko erosleentzat kalera hurbiltzeko oztopoa bilakatu zen”.
Paulino Mendivil eta Andres Larrazabal
Udalak aipatu egoera sortu duenez, Udalak berak konpondu behar duela azpimarratu du PPk eta horretarako Mesedetako Amako dendariek “pairatutako galerak” arintzeko dirulaguntza sistema bat eratzea proposatu du. Era berean, dirulaguntzak Areetako beste bi kaletara zabaltzea gomendatzen dute: Paulino Mendivil eta Andres Larrazabal. Popularren esanetan “lanak direla eta murru bat altxatuta daukate orain dela urte bat baino gehiagotik”.
Marisa Arrueren arabera, “inork ez du eztabaidatzen lanen beharra, baina askotan lanak egiteko une aproposena zein den aukeratzean alderdi asko ikertu behar dira, haien artean lanek kale horietan bizimodua duten pertsonei zer nolako kalte eragingo dieten”.