"Todos nacemos vascos" komedia birritan antzeztuko dute bihar Getxo Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 22a, 15:59

Bihar, larunbata, "Todos nacemos vascos" komedia erdalduna antzeztuko dute Getxo Antzokian, 20:00etatik aurrera. Antzezlana publikoaren onarpen zabala izan du eta ia sarrera guztiak saldu dira dagoeneko. Hori dela eta, Getxoko Kultur Etxeak beste saio bat antolatu du, 22:30ean. Oscar Terol umoristaren liburua oinarri hartuta moldatu dute antzezlan hau Galder Perezek eta Eloi Beatok. Lan honek Lola, Jabugoko txurro-saltzailearen pasadizoak ditu ardatz nagusi. Hil ondoren, protagonista zerura igo da. Bertan, ustekabe galanta hartzen du, zeruko arima guztiak euskaldunak baitira. Zeruko abentura horretan, behin eta berriz ukatzen du bere euskaldun jatorria. Hori dela eta, moldatze-prozesua egin beharko zaio euskal natura onartu arte.

Hainbat pertsonaia zerutarren eskutik, protagonistak euskaldunen mundua ezagutuko du pixkanaka-pixkanaka: Euskal Herrian ligatzeko teknikak, euskaldun motak eta, nola ez, erlijio berria, euskal sukaldaritza, hain zuzen ere.

Sarrerak Getxo Antzokian bertan, Algortako Kultur Etxean, 944 310 310 eta 944 914 080 telefono zenbakien bidez, BBKko orotarako kutxazainetan eta www.bbk.es webgunean daude salgai 15 eurotan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun