Nun taldeak 2002an hasi zuen ibilbidea, gaur egun ezagutzen dugun bezala. Orduko partaide batzuek taldea uztea erabaki zuten eta Xabier Doncel eta Eneko Burzakok hartu zituzten baxu eta kitarra lanak. Taldeak oinarria zuen jada, abesti batzuk konposatuta baitzeuden ordurako, eta hainbat kontzertu eskaini zituzten. Orduan, taldeak gaur egungo ibilbideari hasiera eman zion.
Aitziber Omagogeaskoa, Alvaro Barriuso, Xabier Doncel, Claudio Pavan eta Eneko Burzakok maketa grabatzea erabaki zuten Gorlizko Zehatz Kultur Elkarteko estudiotan, Gonzalo Zubizarretaren eskutik. Emaitza melodia eta disonantziaren arteko bost kantu ziren, emozio eta sentimenduz bateta. Grabazio honi esker taldeak paper ezin hobea lortu zuen Ondarroa Hiria, Bilbovision, Bilbao Hiria edota Euskadi Gaztea bezalako lehiaketatan. Gainera, hainbat kritika jaso zituzten hedabide berezituetan: “Entzun!”, “Mondosonoro”, eta abar.
Egia esan 2002ko maketako Nunek ez du gaur egun denarekin zerikusi handirik musikari dagokionean, eboluzioa etengabea izan baita orduz geroztik. Orduan bigarren demoa grabatzea erabaki zuten, eta hala egin zuten iragan abenduan, Ondarroako Santos Records estudioetan, Mikel Santosek teknikari lanak burutu zituelarik. Zazpi kantuz osatutako grabazioa da emaitza, pop eta hardcorearen artean kokatzen direlarik. Standstill, Maple, Monochrome edo Coldplay bezalako taldeen influentzia nabaria da lan berri honetan. Hitzei dagokionean, amorrua eta desesperazioa azaleratzen dute, Aitziberren melodia gozoekin kontraesankorki agertzen diren sentimenduak. Emozioak eta ñabardurak aurreko lanean bezala azaltzen jarraitzen dute, agian modu sotilago batetan.