Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarduera eteteko lau protesta egingo dituzte iluntzean Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 22a, 18:53

Gaur goizean Segi gazte erakundeak ikasleei egin die dei iluntzean kalera ateratzeko. Izan ere, Euskal Herri osoan dozenaka mobilizazio egingo dira gauean Espainiako Auzitegi Nazionala geldi daitezen eskatzeko. Arrazoi pila bat metatu zaizkie egunotan protesten deitzaileei, besteak beste “iraila eta urria artean, 102 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean izango dira auzi ezberdinetan epaituak. Epaiketa hauen alboan, Iñaki De Juanaren egoera, larriki gaixorik diren presoen egoera, nahiz bizitza osorako kartzela zigorrera kondenatzen ari zaizkigun presoen egoera ditugu”. Uribe Kostan lau izango dira salbuespen desagerpena aldarrikatuko dituzten mobilizazioak: Leioako PSE-EEko egoitzaren aurrean, Algortako Telletxe plazan, Berangoko Gudarien enparantzan eta Urdulizko metro geltokiaren ondoan. Mobilizazio guztiak 20:00etan burutuko dira.

Segik ikastetxeetan zabaldu duen agiria:

Utzi Euskal Herria bakean. Borroka da bidea!

Iraila eta urria artean, 102 euskal herritar Espainiako audientzia nazionalean izango dira auzi ezberdinetan epaituak. Epaiketa hauen alboan, Iñaki De Juanaren egoera, larriki gaixorik diren presoen egoera, nahiz bizitza osorako kartzela zigorrera kondenatzen ari zaizkigun presoen egoera ditugu, besteak beste. Egoera honek nabarmen islatzen du Espainiaren eta Frantziaren apustua: beren interes zapaltzaileen arabera diseinaturiko lege eta tresneria Euskal Herriaren kontra erabiltzen segitzea, Euskal Herria bere askatasun eta eskubideen jabe izan dadin indar nahiz borroka oro trabatzeko.

Espainiaren eta Frantziaren apustua beren interes zapaltzaileen arabera diseinaturiko lege eta tresneria Euskal Herriaren kontra erabiltzen segitzea da

Euskal Herriarentzat errepresioa era masiboan produzitzen duten makinak ditugu Audientzia Nazionala, Sarkozyren lege berri famatuak, espetxe politika, eta abar, zeinak gazteria herri honetan kolpatua, erreprimitua eta zigortua bilakatzen gaituen. Horixe da gazteok independentzia eta askatasuna nahi izan eta borrokatzeagatik Frantziak eta Espainiak eskaintzen diguten ordaina, kalean kolpatze etengabea eta kontrol zorrotza eta epaitegi arrotzetan, bizitza oso baten urteen kopuru bereko eskaera fiskalak eta zigor bidegabeak.

Euskal Herrian une zehatz hau definitzen duen zerbait bada, harresiak gainetik kentzeko garaia dela esan dezakegu. Euskal Herriaren hitza eta erabakia ematea trabatzen duten harresiak, herri eraikuntza eta eskubideen borroka egitea zigortzen duten harresiak, pastel bat banatzen den gisan gure herria zatitzen duten harresiak... azken finean, independentziaren zorua egin ahal izateko, Euskal Herriak beharrezkoa baitu trabak altxatu eta Euskal Herria eskubideen jabe egingo duen esparru berrian bilakatzeko bidea egitea.

Egindako borroka guztiaren fruituak eskura ditzagun borroka inoizko indar handienez egiteko garaia da

Bide horrek izen eta abizen oso argiak ditu: borroka eta antolakuntza. Beti borroka egin dugu egoera berriak sortzeko eta gaur egoera berriak badira, urrats sendoak eman ahal izateko independentziarantz. Horregatik, egindako borroka guztiaren fruituak eskura ditzagun borroka inoizko indar handienez egiteko garaia da.

Eraso etengabean murgildurik gaituen panorama larri hau salatzeko eta Euskal Herriaren askatasuna defendatzeko mobilizazio eguna burutuko dugu irailaren 22-an. Egun honetan, manifestazioak izango dira eguerdian eta iluntzean, hortaz, ikastetxeetan geldialdiak egingo ditugu protesta egun honetan parte har dezagun.

Erasoei gogor erantzun,
Erasotzaileak ozen salatu,
Euskal Herria borrokatu,
Jo ta ke, independentzia lortu arte!

Euskal Herrian, 2006ko irailaren 22an

SEGI. Gazte erakunde independentista eta iraultzailea


Atzo Askatasunak zabaldutako agiria:

Askatasunaren agiria:

Askatasunak bat egiten du irailaren 22an Espainiako Auzitegi nazionalaren jardueraren aurka herrietan izango diren mobilizazioekin.

Bihar, irailak 22, hainbat herrietan mobilizazioak burutuko dituzte Espainiako Entzutegi Nazionalaren jarduera salatuz bere desagerpena eskatuz. Egun hauetan eta urrira arte Entzutegi honetan epaitzen ari diren 102 euskal herritarren (18/98 auzian, Makro-atxiloketa prebentiboen auzian eta beste hainbeste auzi ezberdin gehiagotan) herrietan burutuko dira eta Askatasunak mobilizazio hauei babesa emateaz gain herritarrei bertan parte hartzeko deialdia luzatzen du ere.

Argi dago une politiko honetan Espainiako Entzutegi Nazionalak bere ekinbide errepresiboari eutsi nahi diola. Errepresioa espainiar estatuaren inposizio markoa gainditu nahi duen pertsona eta sektore ororen kontra zuzendua dago, eta, beraz, gatazka gainditzeko edozein prozesuren aurka doa ere.

Argi dago, beraz, torturaren erabilpenari babesa ematen jarraituko dutela. Argi dago euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak zapaltzen jarraituko dituztela. Argi dago euskal preso politikoei salbuespeneko neurriak ezartzen eta mantentzen jarraituko dituztela.

Nahiz eta betidanik euskal bizitza politikoaren erdi-erdian aspaldidanik kokatuta izan, azken hilabete hauetan Espainiako Entzutegi Nazionalak inoiz ez bezala ari da lanean, Euskal bizitza politikoa behin eta berriro baldintzatzen duen tribunala dugu: zitazioak, debekuak, jarduera politiko publikoren jazarpena (manifestaldiak, prentsaurrekoak, ekitaldiak, hitzaldiak, kongresuak), fidantza eskandalagarriak, epaiketak, eta orain baita biziarteko espetxe zigorraren aplikazioa ere euskal preso politikoei. Entzutegi honek euskaldunon bizitza politikotik desagertu behar du. Horrela, desagertuz gero, euskal herritar guztiak garaile aterako ginateke. Tribunal honen egungo jarreraren atzean erabaki politiko bat dago, urteetan zehar Euskal Herrian espainiar estatuak erabili duen gerra eta zanpaketarako tresneria osoa legitimatzea, prozesua desitxuratzea eta prozesu politikoa inposizio prozesu bihurtzeko.

Tribunal berezi honek Euskal Herrian duen esku-hartze gaitasuna amaiezina dugu. Beti prest edozein neurri errepresiboari lege maila emateko, beti prest edozein astakeriari sostengua emateko. Baina gaur egun, gauden une politikoa kontutan hartuz, agian elementurik kezkagarriena da Espainiako Entzutegi Nazionala arma errepresibo bezala jokatzen ari den papera, espainiar estatuaren inposizio markoa gainditu nahi duen sektore ororen kontra zuzendua, eta beraz, gatazkaren behin betiko konponbide politiko eta demokratikoa bilatzen duen edozein prozesuaren aurka ere zuzendua. Beti izan da horrela, izan ere horretarako sortu eta mantendu egin baitute Entzutegi hau.

Horrela, Audientzia Nazionaletik ezartzen ari diren neurri errepresiboekin Estatuak lortu nahi duena da prozesua indarkeria arazo batera mugatzea; arazo politikoa alboratu eta auzia indarkeriaren amaiera eta Espainiako legediaren onarpena arazo soil gisa aurkeztea.

Ilegalizazioak, bizi arteko espetxe zigorra, tortura, muntai polizialak, eskubide zibil eta politikoen ukazioa,· posible al da euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatzea baldin eta erabakitze ahalmen hori zapuzteko bere momentuan diseinaturik izan ziren Entzutegi Nazionala bezalako egitura errepresiboak indarrean mantentzen badira? Ez da posible. Beraz, euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatuak izan nahi badira, egitura errepresibo hauek guztiak desagertu beharko dituzte.

Salbuespenezko egoera bat salbuespenezko auzitegi batek burutzen eta sustatzen du, salbuespenezko legediaren bitartez, salbuespenezko erabaki eta neurrien bitartez, baina beti gobernuaren bultzadapean. Beraz, gobernuaren eskuan dago (nahi badu, egiazko borondate politikorik badu) salbuespen neurri horiekin guztiekin bukatzea. Erabaki politiko bat da, besterik ez.

Hau guztia dela eta, Espainiako Entzutegi Nazionalak DESAGERTU BEHAR DU euskaldunontzat. Espainiako gobernuak urrats hauek eman behar ditu sinesgarritasun demokratikoa izan nahi badu euskaldunon aurrean.

Audientzia Nazionalari STOP esateko garaia heldu zaigu. Bide horretan indarrak metatzeko deialdia egiten dizuegu.

Askatasunak babesten ditu herrietan egin diren deialdiak eta euskal jendarteari bertara hurbiltzeko deia luzatzen du ere. Hona hemen jasotako deialdiak:

(…)
Uribe Kosta:
- Leioa: 20:00etan PSOE.ren aurrean
- Algorta: 20:00etan telletxen
- Berango: 20:00etan gudarien enparantzan
- Urduliz: 20:00etan metro alboan.
(…)

Euskal Herrian, 2006ko irailaren 21ean

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun