Kultur Leioako auditoriumean antzeztuko da gaur, arratsaldeko 8:30ean, Jesus Guridi (argazkian) musikagile gazteiztarraren “El caserio” zarzuela ezaguna. 1926an estreinatu zen “El Caserio” euskal ohiturei buruzko lana da, Santiren landa-etxearen inguruan garatzen dena. Inguruan dituen langileekin eta Ana Mari eta Jose Migel bere bi ilobekin baserrian bizi den gizon heldua da Santi. Jose Migel pilotaria da eta askotan baserritik kanpora ibiltzen da. Baserria familiakoen artean geratu dadin Jose Migel eta Ana Mari ezkontzea nahi du Santik. Zarzuela Bilboko Zabalguneko Abesbatzak eramango du aurrera, gazteleraz. Halere, 1983an sortu zen bizkaierazko bertsioa batuara itzuli ostean taularatzen duen taldea badago, Arrasateko Izaskun Murga elkarte lirikoa kasu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!