Popularren arabera “gau ikaragarria” pairatu zen pasa den astean Getxon, bi banku bulego Salsidu kalean erre zituztenean, batez ere bertako auzokideek beren etxeetatik irten behar izan zirelako eta “larritasunaz beteriko gaua pasatu zutelako”. Gertaera hark, “baieztatzen du PPtik beti esan duguna, Getxo udalerria bereziki jazarria dela” eta dagoeneko “ETAren atzaparkadak jazo duela hainbatetan”. Horretaz, Lertegi eta Manuel Smith kaleetan hirugarren bonba-autoa eztanda egin zuenean konbentzitu ziren eta “babesgabe zeudela, auzokideak hurbildu zitzaizkigun eta neurriak hartzeko eskatu ziguten”.
9 “eraso” 6 hilabeteetan
Orain antzeko kokagune politikoan daudela uste dute Getxoko popularrek eta hori frogatzeko azken sei hilabeteetako “kale erasoak” zenbatu dituzte: PPko egoitzaren kontrako hiru eraso (haietatik bat arrain hildakoak izan ziren eta beste bat pintaketa bat), Aitor Lafuente Ezker batuko zinegotziak “jazotako mehatxuak” Algortako Portu Zaharreko jaietako txosnetan zerbitzatu ez ziotenean, San Lorentzo azokako gertakizunak, autobus baten eraso saiakera, Salsidu bi bankuen suteak eta Mapfreren bulegoaren kontrako erasoa.
Horrelakorik berriro errepika ez daitezen “bortxakeri eta terrorismo ekintzei aurrea hartzeko” Hiri Segurtasun Plangintza proposatu du Getxoko Alderdi Popularrak, Getxoko hiritarrak babesgabe egon ez daitezen.
Halabaina, izen potoloaren atzean neurri gutxi eta jadanik ezagunak azaldu dituzte gaur popularrek: polizia gehiago jartzea kaleetan, nahiz eta onartu duten udalerrian zenbat ertzain, guardia zibil eta udaltzain dauden ez dakitela, “baina beti dira behar direnak baino gutxiago”. Polizia horiek “auzoko poliziak” lirateke: “Oinez patruila egiten duten poliziak dagoeneko ez dira ikusten”.
Poliziak inbertsio ona dira
Bigarren neurri bezala, udalerrian dauden hiru kuartelak koordinatuko duen erakundea osatzea litzateke, Aiboako Udaltzaingoa, Neguriko Ertzain-etxea eta Algortako Guardia Zibilaren kuartela norabide berean jarriko lituzkeena, alegia. Koordinazio horretatik “segurtasun handiagoa eman eta kale borrokari zein terrorismo ekintzei aurrea hartu” ahal izango litzaieke, Marisa Arrueren arabera. Berriz popularrek aitortu dute egun Udaltzaingoa eta Ertzaintza Herrizaingo Sailean koordinatuta daudela eta Guardia Zibila eta Ertzaintza EAEko Segurtasun Batzordearen bidez, baina “Getxoko bertoko koordinaziogune batek askoz atarramendu handiago ekarriko lukeelakoan gaude”. Adibidetzat Bilbon dagoen koordinaziogunea jarri dute.
Plangintzaren hirugarren ekimena “neurri gehiago pentsatzea litzateke”. Neurri horiek beharko luketen aurrekontuari buruz Arruek onartu du “ez dugula ideiarik ere zenbat kosta dezakeen. Ikertu beharko litzateke. Baina segurtasun gehiago emateko inbertitzen den diru guztia inbertsio ona da”, gaineratu du.
Getxon ez bada, Gasteizen
Plangintza hau onartzea eskatuko diote Iñaki Zarraoari eta bere Udal Gobernuari, baina oraindik ez dute inolako kontakturik eduki berarekin. Badaezpada ere eskatu dute Udal Gobernuak mozioa “PPkoa bezala ez hartzea eta PPk aurkeztu duelako atzera botatzea”. Gainera, Udal Batzarrak proposamena atzera botako balu, Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztuko lukete berriz, “getxoztarrak ETAren eta bere inguruaren erasoez eta mehatxuez nazkatuta gaudelako” eta “ezin dugulako mehatxu horren menpe babesgabe eta ikaratuta denbora gehiago bizi”. Popularren ustez, udalerriko kaleetatik “segurtasun eza ezabatzeko behar diren neurriak hartzea tokiko zein autonomiako mandatariei dagokie”.