Aurreko gauaren ostean baten bati programarekin jarraitzea kostatuko bazaio ere, goizeko 10etan hasiko da eguna ongi etorri ofizialarekin. Ordu erdi beranduago meza izango da eta 11:15ean agintarien eta Uri batzarren desfilea. Getxoztarren txosnan indarrak batu ostean, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren eta Josu Jon Imaz EAJko EBBKo presidentearen diskurtsoak entzun ahal izango dira ekitaldi politikoan. Ondoren herri kirolen txanda izango da. “Esaidazu euskaraz” ekimeneko karpa, berriz, 10:30etik 15:00etara izango da eta disko festa, aldiz, 4etatik 6etara. Azkenik, abentura parkea gazte ororentzat egongo da zabalik egun osoan zehar.
Aurtengo kanpaldiaren bidez EGIk gogoratu nahi izan du “Euskal Herrian bizi dugun gatazka konpontzeko bide berriak zabaldu direla azken hamarkadetan baina, ilusioz beteriko une honetan, ez dugula ahaztu behar herrialde honetako gazte gehienok dugun erabakitzeko eta independentziarantz aurrera pausua emateko eskubidea”.