EHUko Leioa eta Erandioko campuseko ikasleek protesta anitz egin zuten pasa den ikasturtean astegunetan erabiltzen duten garraio zerbitzua dela eta. Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatearekin izandako elkarrizketen ondorioz, gaur hasi diren “hainbat hobekuntza” jarri du martxan. Alde batetik, Zabalburuko herrilanek bultzatuta, bertan gelditzen ziren A2312 lineako autobusak Juan de Garai kalera lekuz aldatu dituzte. Beste aldetik, Basurtuko Termibusako A2318 lineako Bizkaibusak zuzenean joango dira campusera tarteko geldiunerik egin gabe. Horren bidez, Foru Aldundiak “bidaiaren iraupena murriztu” eta Bizkaiko beste toki batzuetatik datozen eta Bilbora Termibusetik iristen diren bidaiariei unibertsitatera joateko “erraztasunak” eskaintzea nahi du. Argazkian, campuseko garraio sistema hobetzeko protesta bat.
Era berean, Garraio Sailak iragarri du “aurreko urteetan bezalaxe” EHUko arduradunekin elkarlanean, ibilbide guztietako “benetako eskaria” aztertuko duela urrira arte, ondoren ikasturte berriko eskariaren araberako moldaketak egiteko asmoz, “baliabide publikoen erabilera zentzuzko, orekatu eta iraunkorra” sustatuz.
A2312 linea, Bilboko Zabalburu-EHU, Juan de Garai kalean zehar
Bilboko geldiuneak, joateko zein itzultzeko norabideetan, honako hauek izango dira: Zabalburu plaza eta Juan de Garai kalea z/g, unibertsitaterako norabidean, eta Juan de Garai 33 eta Zabalburuko plaza, Bilbora itzultzeko norabidean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.