Euskaltegietako eta gau eskoletako irakasleentzako ekitaldi instituzionala kritikatu du AEKko hainbat kide ohik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 26a, 14:35

Biharko Getxo Udalak prestatu duen euskaltegietako eta aitzineko gau eskoletako irakasleen arteko topaketa kritikatu du gutun irekian Uribe Kostako AEKn ibilitako seikote batek. Gabi Basañez, Ana Sagasti, Laura Castillo, Alfredo Rodriguez, Jon Mikel Aldatz eta Itziar Amezaga sinatzaileek “oso harro” agertzen dira AEKn eta euskalgintzan egindako lanaz, baina ez dute ahazten “herria euskaldundu zedin egindako lan guzti hori trabatzeko” EAJk eta gobernatzen zituen erakundeek, Getxoko Udala tarteko, HABE euskaltegien sarea sortu izana “AEK suntsitu nahian”. Era berean gogoan dute neurri horren ostean etorri ziren oztopo, debeku, boikot zein “AEKren diruez ETAren armak erosten zirela” bezalako gezurrak. Sinatzaileek ez dute uste Zarraoarekin “argazki bat eginda eta pintxo batzuk janda” kontua berdindu daitekeenik eta Udalari eskatu diote autokritika egitea, eta kalteak ordaintzea, doako euskalduntzea bultzatuz, zein “inolako trabarik gabe euskaldun bizi izatea Getxon” bermatuz. Argazkian, azken Korrikako irudi bat.

AEKko sei kide ohiren gutuna: Egunerokoa dugu omenaldia

Urteetan Helduen Euskalduntze Alfabetatzean ibilitako irakasleei Getxoko Udalak bihar omenaldi bat egingo diela jakin dugu. Izan ere, zuzenean deitu digute telefonoz horren berri emateko.

Behean sinatzen dugunok Uribe Kostako AEKn ibili izan gara irakasle, militante. Bertan parte hartu izanaz oso harro gaude. Geu ibilitako sasoian, kasik ezerezetik lokalak lortu, euskaldunak sortzeko didaktika egokia garatu, materialak prestatu, ikasleak eskuratzeko kanpainak egin, ikasleak herriko euskaldunekin harremanetan jartzeko ahaleginak eta euskaltegia zein EHAren hainbat beharretan gurekin batera parte har zezaten bideak asmatu, beharrezkoa zen dirutza eskuratzeko imajinazioari eragin, bonoak saldu, jaiak antolatu, AEKanpadak, txosnak, Korrikak, AEK egunak… Eta dena harrotasun eta betetasun puntu handi batez. Antzerakoa izango da orain ere.

Hala ere, ahazteko ez daukaguna da herria euskaldundu zedin egindako lan guzti hori trabatzeko asmotan izan zela indarrik. AEKren une indartsuenetakoan, 80ko hamarkadaren hasieran, HABE institutua sortu eta aurretik AEKtik bertatik emandako fitxek marraztutako mapa gainean, HABE euskaltegien sarea sortu zuen Jaurlaritzak, hainbat udalen laguntzaz, AEK suntsitu nahian. Lan baldintza normalizatuetan aritzearen amua gozoa bazen ere, eutsi egin genion irakasle, ikasle eta laguntzailez osatuta didaktika aurrerakoia eta denon parte-hartze eta erabakiz Euskal Herri osoa Euskalduntzeko herri proiektuari. Ez ginen HABEren oposaketetara aurkeztu.

Ordutik, zeharo gogortu ziren herrietako baldintzak: diru-laguntza eskasak, egoera duinetan lokalak lortzeko itzelezko trabak, Korrikari boikotak, udaletatik gure eskakizunei jaramonik ez, prepotentzia harremanetan… Getxoko Udala bera horien artean. AEKren diruez ETAren armak erosten zirela ere entzun behar izan genuen jeltzaleen aldetik. Ez da erraza hori guztia ahaztea.

Egoera zail horretan, AEKn genituen bitartekoak sozializatzeko bideak benetan merezi eta helburuekiko eraginkor zen proiektu baten partaideak sentitzeak eta herriaren babesak bultzatu gintuen aurrera. Hilabeteak sosik ikusi gabe eta gizarte segurantzarik gabe Helduen Alfabetatze Euskalduntzeari eutsitakoen artekoak gara.

Eta ez dugu uste, gaur egun Getxoko Udalaren ordezkari den Zarraoa alkatearekin argazki bat eginda eta pintxo batzuk janda berdindu daitekeenik guzti hori. Ez, hain merke ez. Beharrezkoa da Udalak urteetan AEKren kontra egindakoaren autokritika egitea, eta erreparaziorako bide bat. Beharrezkoa da behingoz, frankismoak eta A ereduak erdaldundutakoen euskalduntzea zeharo doakoa izatea, gaztelania ikastea den bezala. Beharrezkoa da inolako trabarik gabe euskaldun bizi izatea Getxon, osasun arloan, lan arloan, jaietan… Bitartean, ez dugu merkealdian parte hartuko.

Guk, aspalditik, egunerokoa dugu omenaldi eta errekonozimendua. Getxo eta Uribe Kostako edozein txokoan gurekin batera egondako ikasle eta laguntzaileekin euskaraz aritzeko aukeraz gozatzen dugunean.

Gabi Basañez, Ana Sagasti, Laura Castillo, Alfredo Rodriguez, Jon Mikel Aldatz eta Itziar Amezaga
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun