Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Bi urte beteko dituela ospatuko du ostiraletik aurrera Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 26a, 16:50

"2 urtez zirikatzen… eta urte askotarako!" lelopean ospatuko du Itzubaltzeta gaztetxeak bere bigarren urteurrena. Izan ere, ostiral honetan aterako dira kalera Itzubaltzeta / Erromoko zein inguruko gazteak, lortutakoa aldarrikatzera: lehenengo aldiz Getxoko udalerrian gaztetxe batek bi urtez zutik eta bizirik mantentzea. Hitzordua Santa Eugenia plazan izango da, 21:00etan. Manifestazioaren ondoren, luntx batetaz gozatu ahal izango da gaztetxean. Hurrengo astean, berriz, mota askotako ekitaldiak izango dira herriko plazan zein gaztetxean, gazte, heldu eta umeentzat, tartean larunbateko kontzertua Txapel Punk, Macarrada eta Okupando Rom@ taldeekin. Argazkian, bigarren urteurrena aurkezteko Itzubaltzeta gaztetxeak emandako prentsaurrekoa.

Itzubaltzeta gaztetxeak bidalitako prentsa oharra:

Itzubaltzeta gaztetxea, Itzubaltzetan (Erromo) kokatuta dagoen gaztetxea, izango da irailaren 30ean Getxoko udalerriko historian zehar bigarren urteurrena ospatuko duen gazteen topagune okupatu bakarra. Ertzaintzak 2004ko irailaren 27an Itzubaltzetako gaztetxe zaharra desalojatu eta hiru egunetara, Errekagane kaleko aroztegi zaharrean Itzubaltzeta gaztetxe berria ireki zuten herriko gazteek.

Ordutik hona eta lehenengo hilabeteetan garbiketa lan gogorrak igarota, makina bat jarduera burutu dituzte Itzubaltzeta gaztetxeko lagunek: mota guztietako tailerrak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, gaztetxeko egitura hobetzeko auzolanak... eta era berean hainbat talde ezberdinei beren azpiegitura utzi diete jarduerak egiteko. Horren lekuko izan dira jai batzordeak, antzerki taldeak, musikariak, kultur eta gazte mugimenduak, euskalgintza, internazionalistak, software askearen aldekoak, sindikatuak, kirolzaleak, presoen aldekoak, pertsonen laguntzarako elkarteak eta abar luze bat. Ibilbide hori gogoratzeko, hobetzeko eta saritzeko bi asteburuko programa jarri du abian zentro okupatuak.

Bi urteko eskarmentua aintzat hartuta hausnarketa egin zuen Itzubaltzeta gaztetxeko asanbladak irailaren 15, 16 eta 17an, antolaketa hobeago baten zutarriak jartzeko zein autogestioa, parekidetasuna, euskararen normalizazioa, gaztetxeen arteko zein preso sozial eta politikoekiko elkartasuna eta ekologian urrats berriak emateko.

Jaia, borroka eta kultur egitarau zabala

Baina, mundu honetan guztia hausnarketa ez dela kontuan hartuta, datorren irailaren 29tik urriaren 8ra, guztientzat interesgarria izango den borroka eta kultur eskaintza oparituko dio bere buruari bi urte betetzear dagoen Itzubaltzeta gaztetxeak. Astea lelo komuna izango du: “2 urtez zirikatzen… eta urte askotarako”, izan ere, herriko gazteek bide luzea aurreikusten diote gaztetxeari.

Irailaren 29an, orain dela bi urteko desalojoa eta birrokupazio gogoan hartuz, manifestazioa izango da Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plazatik. Manifestazioa bukatzean, luntxa izango da gaztetxean.

Hurrengo astean, berriz, kirola, kultura, aldarrikapena zein umeentzako aisialdirako tartea izango dute Santa Eugenia plazan. Horrela, astelehenean, urriak 2, bideo emanaldia izango da 20:30ean. Asteartean, ping-pong lehiaketa izango da eta asteazkena mahai-futbol lehiaketa, biak 18:00etan. Ostegunean, berriz, Uribe Kostako gaztetxeen eta gazte asanbladen proiektuei buruzko mahai ingurua egingo da 19:30etik aurrera. Beranduago bideo emanaldia izango dela. Ostiralean, 18:00etatik aurrera magoak eta pailazoak izango dira umeentzat zein hain txikiak ez direnentzat. Ondoren, 20:00etan txokolatea banatuko diete umeei. Ordu bat beranduago, gaztetxea hartuko du antzezlan batek, geroago eskenatokia irekia geldituko dela nahi duenak bertatik adierazteko nahi duen eran.

Kontzertua: Txapel Punk, Macarrada eta Okupando Rom@

Hurrengo egunean ere, larunbatean, ekitaldi pila bat izango da. Goizean, 12:00ak aldera, hainbat lehengai eta materialen azoka izango da Santa Eugenia plazan, tartean, sagardoa, txistorra eta piperrak. Bitartean, tiragoma eta soka lehiaketak egingo dira eta baita ping-pong eta mahai-futboleko finalaurrekoak eta finalak burutu ere. Beranduago, 14:30ean, herri bazkaria izango da bertan, 5 euroren truke. Arratsaldean, berriz, sari banaketa egin ostean, jolasteko aukera egokituko zaie han bildutakoei, prestatutako gazte olinpiadak direla medio.

Musikaren txanda 20:00etan izango da gaztetxean, Okupando Rom@ herriko talde lokalaren atzetik, Macarrada eta Txapel Punk arituko direla. Ondoren, gauari hasiera emateko erromeria hasiko da.

Igandean, berriz, egun lasaia izango da, eta 20:00etatik aurrera lehenengo zein oraingo gaztetxeen inguruko okupazio bideoak proiektatuko dira.

2 urtez zirikatzen... eta urte askotarako!

Itzubaltzeta gaztetxeko 2. urteurrenaren egitaraua:

Ostirala, irailak 29
21:00etan, manifestazioa (Santa Eugenia plazan) + luntxa (gaztetxean)

Astelehena, urriak 2
20:30ean, okupazioari buruzko bideo emanaldia (Santa Eugenia plazan)

Asteartea, urriak 3
18:00etan, ping-pong lehiaketa (Santa Eugenia plazan)

Asteazkena, urriak 4
18:00etan, mahai-futbol lehiaketa (Santa Eugenia plazan)

Osteguna, urriak 5
19:30ean, Uribe Kostako gazte asanbladen proiektuen mahai ingurua eta bideo-foruma

Ostirala, urriak 6
18:00etan, magoak eta pailazoak (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, txokolatada (Santa Eugenia plazan)
21:00etan, antzerkia + eskenatoki irekia (gaztetxean)

Larunbata, urriak 7
12:00etan, azoka + sagardoa + txistorra + piperrak + tiragoma lehiaketa + soka lehiaketa + ping-pong eta mahai-futbol lehiaketen finalaurrekoak eta finalak (Santa Eugenia plazan)
14:30ean, herri bazkaria, 5 eurotan (Santa Eugenia plazan)
16:00etan, sari banaketa (Santa Eugenia plazan)
17:00etan, olinpiadak (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, kontzertuak, 3 eurotan (gaztetxean)
- Txapel Punk
- Macarrada
- Okupando Rom@

Igandea, urriak 8
20:00etan, okupazioari buruzko bideo emanaldia (gaztetxean)

Itzubaltzeta gaztetxea
Errekagane 1-5. 48930 Itzubaltzeta / Erromo. Bizkaia.
Itzubaltzetagaztetxea[abildua]mundurat.net
http://www.blogari.net/itzubaltzeta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun