Espainiako Armada lurrez, itsasoz eta airez ari da Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 28a, 14:45

Zuhaitzetako hosto zimelak bailiran, Espainiako armadako paraxutistak heldu zaizkigu udazken honetan Algortara. Gaur bertan, maniobra militarrak egiteko asmoa dute, 13:30etik aurrera, Ereaga hondartzan, Alcala de Henares eta Murtziatik etorritako lur-armadako hamar bat soldaduk; Guardia Zibila zaindari dutela. Ordu erdi lehenago, berriz, elkarretaratzea deitu dute hainbat herritarrek, Tamarises hotel aurrean, egoera salatzeko. Izan ere, lurrez, itsasoz zein airez jardun dira militar espainiarrak, azken boladan, Uribe Kosta eskualdean barrena. Herenegun, irailak 26, itsas-armadako fragata bat heldu zen Arriluze ondoko luxuzko itsas-bidaia ontzietarako kaira. Astelehenean, berriz, 17:30ak inguruan, maniobrak egiten ibili ziren Berango eta Unbeko kale eta mendietatik, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez salatu zuenez. Eta azkenik, irailaren 13an, goizeko 10:10ak aldera, bi ehiza-hegazkin bonbaketarik Getxo udalerriaren gainetik hegan egin zuten, Eusko Alkartasunak salatu bezala. Koska eta Hala Bedi irratiek gaurko gertaeretako zuzeneko jarraipena egingo dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun