Eguerdi aldera hartu dute Ereagako hondartza Alcala de Henares, Gasteiz eta Sevillatik etorritako dozenaka militar ibilgailuk eta ehunaka soldaduk, armak agerian zituztela. Guztira, Espainiako Armadako 800 bat kide dabil egunotan maniobra militarrak egiten Euskal Herrian. Halabaina, paraxutisten brigadako bozeramaileak adierazitakoaren arabera, Algortan "ez zeuden guztiak". Itxura denez, gaur izango dute azkeneko saioa Mungiako Soietxe kuartelan.
Bi iritzi aurrez aurre
Hasiera hasieratik igarri zitekeen zein zegoen armadaren alde eta zein kontra: batzuk Espainiako banderak aldean eta besteak ikurrinak, batzuk txaloka eta besteak txistuka, batzuk "VIva España" eta besteak "Alde hemendik" oihuka, batzuk musikaren doinuekin giro alaiean eta besteak Guardia Zibilez josita... Paraxutistak hondartzara heltzen ziren heinean, berriz, hiru pankarta zabalduz joan dira maniobra militarren aurka zeudenak: "Alde hemendik", "Alde hemendik, utzi bakean" eta "Menos militares, mas gastos sociales" (Militar gutxiago, gizartegintzan gastu gehiago), irakur zitekeen horietan, hurrenez hurren. Hala ere, egoerak ez du txarrera egin.
Halabaina, saioa amaitu eta gutxira egin dute tupust bi taldeek. Armadazaleetako batzuek soldaduei musuka eta argazkiak ateratzen zebiltzan bitartean, irainka eta tirabiraka hasi dira errepidean elkarren aurka eta, berehala inguratu da Guardia Zibila; maniobra militarren aurka zegoen gazteetako bat arrapatzen ere saiatu da agenteetako batek. Hala ere, armada aurkakoek soldadu eta guardia zibilak txistuka agurtuz amaitu da guztia.
Hiru baja
Ereagakoa bezalako maniobra militarrek "arriskurik ez" daukatela adierazi duen arren, Espainiako Armadako kamikoi batek arrapatuta, hiru soldadu zauritu direla baieztatu du paraxutisten brigadako bozeramaileak: bi larri daude eta batek zauri arinak ditu, Muxikan gertatutako istripuaren ondorioz.
Gaiaren inguruko berriak:
Espainiako Armada lurrez, itsasoz eta airez ari da Uribe Kostan (2006 Ira 28)