Manifestazioan zehar, independentzia, sozialismoa, eusko gudariak, amnistia, presoen etxeratze zein “borroka”ren aldeko oihuak entzun ziren. Ertzainak zelatari eta udaltzainak trafikoa mozten ibili zirela, aurrera jo zuen “Euskal Herria dugu irabazteko! Borroka gaur eta etorkizunean” zioen pankartak, Txiki eta Otaegi plazaraino.
Bertan, albokaren doinuak hartu zituen plazan sartzen zihoazen ehunaka lagun. Une horretan ere, eusko gudarien omenezko sua piztu zuten eta txalaparta doinu artean Iñaki de Juana Chaosen argazkia zeraman solidario bat agertu zen eta ekitaldi osoan zehar bertan izan zen gose grebalariaren aldarrikapena sostengatuz. Ondoren bertsolariak izan ziren eusko gudariak gogoan izan zituztenak: “eurengatik egun gu gara / ta bihar izango dira”, batez ere Txiki eta Otaegi zein “herriaren alde bizitza emandako hainbat gudari”. Iheslariak eta desmilitarizazioa ere jo puntutzat izan zuten: “hemen bakerik ez da izango / gu utzi arte bakean”, zein, azkenean, De Juana Chaos eta “gudari danok bueltatu arte / bakea ez da izango” gogoratu ere. Bertso sortaren ostean, lau dantzarik agurra dantzatu zioten xingola beltza zuen ikurrina bati, hildako eusko gudarien oroimenez eta ikurrinaren pean arrosa gorriak utzi zituzten.
Ondoren, preso ohi batek Euskal Herriko egungo egoera politikoari eusko gudariek egindako ekarpena ekarri zuen harira. Era berean, “Euskal Herria maite duen orori” deitu zion “bakoitza dagoen lekutik” aberriaren alde borrokatzeko. “Eusko Gudariak” abestiaren doinuez amaiera eman zioten ekitaldiari.
Algortako ekitaldi politikoaren hitzaldia:
Gora eusko gudariak!
Euskal Herrian egoera politikoaren inguruko azterketa ugari dabil ahoz aho azken hilabeteetan. Egun batean baikor eta hurrengoan ezkor, bestean garaipenaren atarian. Baina, gauzak, zorionez, ez dira hain aldakorrak. Urteetan egindako lan eta borrokaren emaitza sendoa da gaurko abagunea.
Mendeak daramatza Euskal Herriak bere askatasunaren alde borroka egiten. Mendetako zapalkuntzari mendetako erresistentzia eta borrokarekin erantzun diogu. Espainiar edo frantziar izatera behartu nahi izan gaituztenean, euskal herritar bezala agertu gara tinko eta duin.
Zapalkuntza onartzen ez genuelako altxa ginen. Herri izaten jarraitu nahi izan dugulako borrokatzen dugu. Gerra inposatu diote Euskal Herriari, zapaltzaileek inposatzen duten gerra eta Euskal Herriak bere gudarien borrokaz erantzun du. Borrokan hezi gara, egoera hori inposatu digutelako. Gudariak, bakea maite du, askatasuna maite du eta behar horrek bultzatzen du borrokara.
Gatazka politikoa Euskal Herria osoaren autodeterminazio eskubidearen aitortza lortuaz konpontzen badugu, gure helburutik gertuago egongo gara, zalantzarik gabe. Ezker abertzaleak independentzia eta sozialismoaren helburua lortzeko borrokatzen du.
Borroka honetan, Euskal Herriko gizon eta emakume askok dena eman dute. Estatu espainiar eta frantsesak inposatu diguten gerra horren ondorioz ehunka dira bizia eman duten, borrokan erori diren euskal gudariak: duintasunaren eta tinkotasunaren isla libre izan nahi duen eta libre izango den Euskal Herriaren harrotasuna.
Prest al dago etsaia Euskal Herria aitortzeko eta horrela gatazka politikoa konpontzeko? Hori da gakoa. Euskal Herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea eta euskal herritarrak egunero euskaldun oso bezala bizitzeko eskubidea errespetatzea.
Asko aurreratu dugu eta etorkizunean askoz gehiago lortuko dugu. Euskal Herriaren alde borrokatzen gara. Euskal Herriaren aldeko grina biderkatu egingo dugu.
Euskal Herria maite duen orok, bakoitza dagoen lekutik, Euskal Herriaren aldeko borrokaren esparru bakoitzetik lagundu behar du. Gu gauden leku bakoitzean dago borrokarako frontea. Denok eman dezakegu eta eman behar dugu zerbait.
Gaur, Euskal Herria osoan, herri honen gudariak omentzen ditugu. Gudarien oroimena txalotzen eta goratzen dugu. Bidea erakusten diguten gudariak izan direlako gara. Garelako izango dira. Egoera berriak borrokaz lortzen dira.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Gora euskal gudariak!