Egungo egoera politikoan, inoiz baino "probokatzailetzat" jo dute Armadaren erakustaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 28a, 20:42

Antza, getxoztar askori buruan bueltaka zebilkiena gorpuztu baino ez dute egin, gaur eguerdian, militarren erakustaldiaren aurka egiteko Ereagan batutako dozenaka lagunek: "Hau al da zuen bakea" ozen oihukatuz agurtu dituzte armaz jositako ehunaka soldadu eta guardia zibilak. Atzoko hainbat adierazpen ere ez dira debaldekoak. Iñaki Urkiza Getxoko EB-Berdeetako bozeramaileak berak "arbuiorik sendoena" azaldu zuen gaurko iragarritako ariketen inguruan, "gerra jokoak erakusten aritzea herritarrekiko probokazioa" dela iritzita, "are gehiago dugun egoeran". Hala, herritarrei Ereagara "feriako akrobaten modura jendaurrean agertzen den militar talde bat" ikustera ez joateko deia egin zien.. Askatasunak gaur plazaratutako agiriak ere egun bizi dugun egoera politikoa izan du hizpide, aste honetan Euskal Herriak "pairatutako" maniobra militarrak gaitzesteko. Argazkian, bi soldadu Getxoko Udal Turismo Bulegoaren ondoan.

"Zer egitera, zer erakustera, zer entrenatzera, zeren kontura burutu behar ditu maniobrak momento politiko honetan Espainiako Armadak gure herrian? Espainiako indar armatuak prest al daude euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatzeko? Zer mezu politiko atera behar dugu erakustaldi horretatik?", mahaigaineratu ditu errepresioaren aurkako erakundeak.

Zarraoa haserre berririk izan ez duelako

Bere aldetik, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak bere "protesta bizia" agertu zuen atzo, Espainiako Armadako dozena bat paraxutistek udalerrian erakusketa saio batzuk egiteko asmoa zutela hedabideen bidez jakin ondoren, "Udalak horren berri ofizialik izan ez duenean". Udal agintariaren iritziz, jokabide horrekin “gobernu espainiarrak udalekiko errespetu eza eta herritarrekiko mezprezu handia erakusten ditu, gainera udal orubearen erabilpen horregatik afektatuta aterako direnean”. Alkateak gogoratutakoaren arabera, "hau ez da horrelako egoera bat gertatzen den lehenengo aldia". Bere hitzetan, "egoera hau ez da Getxon soilik gertatzen eta aurretik egindako protesta ofizialek ez dutenez ezertarako balio izan", Zarraoak bere alderdiak, EAJk, Madrilen dituen ordezkariengana joko du, "Defentsa ministroari, zibil bati hain zuzen ere, ekitaldi horiei buruz galde diezaioten eta horren ganeko protesta formala ere egin dezaten".


Gaiaren inguruko berriak:

Espainiako Armadak "gerra" baino ez du ekarri Ereagako hondartzara (2006 Ira 28)

Espainiako Armada lurrez, itsasoz eta airez ari da Uribe Kostan (2006 Ira 28)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun